Manifestaziora deitu dute Troquenor enpresaren langileek

Aikor aldizkaria 2013ko mai. 21a, 10:04

Une latzak dira Troquenor Sondikako enpresaren langileek aspaldi honetan bizi dituztenak. Azaldu duten bezala, enpresaren gainbeheraren arduraduna, zeinak Eusko Jaurlaritzari, Segurantza Sozialari, Ogasunari eta langileei 27 milioi euro zor diena, lantegiarekin geldituko da, langileak kalera doazen bitartean. Horren haritik gogoratu behar da epaileak enpresa desjabetzeko agindua eman zuela orain dela aste batzuk, eta langileak bertan sartu zirela hori ekiditeko. Langileen esanetan, denbora honetan izan diren hartzekodunen konkurtsoak, epaileak, konkurtso-administrariak, kaleratzeak, grebak, erakundeen nagitasunak... irtenbide argirik gabeko zirkulu batean murgilarazi dituzte. “Badakigu legeek ez gaituztela langileok babesten, konkurtso-prozesuak ugazaben ondarea babesteko diseinatuta daudela. Lantegi hau goiz ala berandu martxan ipiniko dutela ere badakigu, gu barik, noski”. Langileek haien lanpostuak defendatuko dituztela adierazi dute. Horretarako, enpresan itxialdia egiteaz gainera, manifestaziora deitu dute barikurako, arratsaldeko 7etan. “Dena dela, irtenbidea erakundeen eta bereziki Eusko Jaurlaritzaren eskutik etorri beharko dela uste dugu. Horregatik Eusko Jaurlaritzari gai honetan parte aktiboa har dezan deia luzatzen diogu”.