Urriaren 13an, Enologia Eguna izango da Sondikan. Goiri plazan ardoari lotutako ekintzak egongo dira 10:00etatik 13:00etara, baina horrezaz gainera, Sondikan berton merkatarien elkarteak antolatutako outlet bat ere izango da. Besteak beste, hauek ipiniko dituzte salgai: edergintza eta estetikako produktuak, jostailuak eta gozokiak, dietetika eta nutrizioko artikuluak, argazkigintzako osagarriak, opariak eta apaingarriak, eta elikadura.
Elkartekoek azaldu duten moduan, Sondika herri txikia den arren, beharrizan pilo bat betetzen duen merkataritza bat du. Elkarteak kalera atera nahi ditu produktuak, herritarrek jakin dezaten zein den herrian duten eskaintza. “Herriko dendetan erostea da bide bakarra eta ez azalera handietako dendetan, Sondika lohiri ez badugu bihurtu nahi”. Euren esanetan, outlet-a formatu interesgarria da: “alde batetik, dendariei stocka berritzeko aukera ematen dielako; eta bestetik, erosleak oso interesgarriak diren beherapenez baliatzen direlako. Herria guztiok gara, zelangoa izatea nahi dugun ere gure esku dago”.