Sondikako zinema, saritua

Aikor aldizkaria 2013ko abe. 11a, 13:34

Platanoboligrafo produkzio-etxearen film labur bi saritu dituzte Budapesteko Faludi Youth Film Festival-ean. Per un pugno di azioni lanak, Kevin I. Rodriguezek zuzendu duenak, “Opera primarik onena” saria eta “Argazkigintzarik onena” saria jaso zituen. Igor García sondikoztarrak film laburraren argazkigintza-lanak zuzendu ditu. Bestalde, Superdown lanak hirugarren saria lortu zuen festibalaren Fikziozko Sail Ofizialean. Superdown film laburra Igor Garcíak zuzendu du. Lana “Proyecto Superdown” egitasmoaren barruan egin da eta Sondikako Udalaren eta Down Araba eta Down Asturias elkarteen laguntza eduki du. Bere protagonista Down-en sindromea duen zortzi urteko aktore bat da eta filmean parte hartzen duten beste aktoreen artean Alex Angulo dago. Budapestekoaz gainera, lana nazioarteko eta Estatu mailako beste festibal batzuetarako ere hautatu dute: Toluca (Mexiko), Delhi (India), Bilboko Zinebi eta Bartzelona. Per un pugno di azioni lanak ere nazioarteko eta Estatu mailako festibaletan hartu du parte: Lanterna eta Toluca (Mexiko), Madril, Gijon eta Gasteiz. “Budapesteko festibalera 50 herrialdetako lanak eraman dira eta, egia esan, oso sorpresa handia izan da sariak eskuratzea”, esan digu Igorrek. “Sariok lanean jarraitzeko gogoa ekarri digute. Eta prestigio apur bat ere bai. Era berean, badira gehigarri bat beste proiektu batzuetarako laguntza eskatzeko orduan”. Platanobolografo produkzio-etxea Igor García sondikoztarrak sortu zuen beste lagun batzuekin batera. Produkzio-etxeak “Publikoaren saria” jaso du Granollerseko Fantastik Fest festibalean, Una mierda de slasher lanari esker. Hori Euskal Herriko Zinema Eskolarekin batera ekoiztu zuten.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).