Sondikoztar batek “Objetivo África” lehiaketa irabazi du

Aikor aldizkaria 2014ko urt. 27a, 13:47

Jon Goikouria Larrabeiti Sondikako gazteak “Objetivo África” argazkilaritza lehiaketaren laugarren edizioa irabazi du. Jonen irudiak “Arazoak eta konponbidea, konketan bertan” du izena, eta Marokon, Chauen herriko kanpin batean, egin zuen 2009an. “Afrikak duen urik eza izan da lehiaketaren gaia eta nire argazkiak islatzen ditu arazoa eta konponbidea aldi berean, ezohiko ikuspuntu batetik”, esan du Jonek. Gazteak 600 euroko saria jaso du. “Poz-pozik nago. Urteak eta urteak daramatzat argazkiak egiten, eta hori egiteagatik saria jasotzea itzela da. Dirua inportantea da, noski, baina nire lanak jaso duen esker ona hori baino askoz garrantzitsuagoa da niretzat”. Epai-mahaiak kontuan hartu ditu Jonen “argazkiaren goi-mailako teknika, osagaien sinbologia, konposizio simetriko eta erritmikoa, eta ordenaren eta desordenaren arteko dikotomia”. Guztira, Europa, Afrika eta Ameriketako 200 lagunek hartu dute parte lehiaketan. Kanpo Arazoetako Espainiako Ministerioak, Kanarietako Gobernuak eta Las Palmas hiriko Udalak osatzen dute Casa Africa kultur elkartearen partzuergoa eta lehiaketa hori antolatzen du urtero, Afrikaren irudi ona zabaltzeko asmoz.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).