<i>Flash mob</i> bat grabatuko dute Altzora Egunean

Aikor aldizkaria 2015ko uzt. 27a, 10:28

Irailaren 19an, zapatuan, Altzora Euskara Elkartearen Eguna ospatuko dute Sondikan. Goizeko 11:15ean, ume eta gurasoei zuzendutako jolasak egongo dira Ikurrinaren Plazan. Ostean, goizeko 12:30ean eta leku berean, Euskaraz bizi nahi dut abestiaren flash mob-a grabatuko dute. Herriko elkarte guztiek hartuko dute parte ekitaldian, eta aurretiaz entseguak egingo dira, guztiek dantzaren pausoak ondo ikasteko. Entseguak irailaren 9an eta 16an egingo dira arrastiko 7etan Goiri Erdikoa plazan. Bestalde, dantza poteoa egingo da arrastiko ordu batean. Ikurrinaren plazatik irtengo da —euria izanez gero, karpatik— eta talde hauek girotuko dute ibilbidea: Ipar-Elaiak txistu taldea, Txuma Olagüe abesbatza eta Gorantzaileak dantza taldea. Herri bazkaria 15:00etarako antolatu dute eta txartelak erosteko azken eguna irailaren 15a izango da. Txartelak leku hauetan ipiniko dituzte salgai: Guraso elkartearen egoitzan, Egarri tabernan, Batzokian eta txosnan. Era berean, 635 75 35 95 telefono zenbakira deitzeko aukera dago. Bazkalondoa Taberna Ibiltariak eta bertan batzen diren elkarteek girotuko dute. “Helburua euskaraz ondo pasatzea eta euskara kalera ateratzea da”, esan digute euskara elkartetik. “Altzora Eguna arrakastatsua izaten da eta herriko elkarteek bat egiten dute ospakizunarekin. Giro ezin hobea izaten da, eta aurten ere horrela izatea espero dugu”.