Sondikoztarrek azpiegitura berria ezagutzeko aukera izango dute gaur arratsaldean, 17:00etatik 20:00etara
Sondikan, jolas eta aisialdirako gune berria izango dute barikutik aurrera: Txikigunea. Bertan zerbitzu bi eskainiko dira. Alde batetik, haurreskola, zero urtetik bi urtera bitarteko umetxoak hartuko dituena; eta bestetik, herriko ume guztiei zuzenduta egongo den balio anitzeko gela bat. Gela horretan jolasgune bi atondu dira: bata, estalia; eta bestea, kanpoaldean. Umeek eta beren familiek haurreskolaren ordutegitik kanpo erabili ahal izango dituzte jolasguneok. Bestalde, haurreskolak 16 ume hartuko ditu 2015-2016 ikasturtean.
Udaletik azaldu dutenaren arabera, jasangarritasunari lotutako baldintzak betetzen dituen eraikina da eta topagune garrantzitsua bilakatuko da txikientzat. “Eskaintzen dituen zerbitzu ezberdinak direla-eta, urte osoan zehar erabili ahalko den gunea da, herritarrek urteetan eskatu duten gunea, hain zuzen ere”.
Txikigunea barikuan ipiniko da martxan, baina sondikoztarrek hara hurbiltzeko aukera izango dute gaur arratsaldean, azpiegitura berria eta bere instalazioak ezagutzeko. Hala, 17:00etatik 20:00etara egongo da zabalik eta, Udalaren ordezkariez gainera, Arantza Aurrekoetxea Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuordea ere izango da bertan.