Trenen maiztasuna areagotuko da, Music Legends jaialdirako

Aikor aldizkaria 2017ko mai. 23a, 10:21

Jaialdia ekainaren 2an eta 3an egingo da BBK-k Sondikan duen Ola zentroan. Antolatzaileek jakinarazi duten moduan, Kulluaga – Alde Zaharra – Lezama lineak bere trenen maiztasuna areagotuko du kontzertuen ostean, etxera itzultzea erosoa izan dadin. 

Hala, 00:12tik 00:52ra arte trenak 10 minuturo aterako dira Olatik. Era berean, trenak 15 minuturo aterako dira barikuan Alde Zaharretik; eta 20 minuturo, zapatuan.  

Bestetik, kontzertuen ordutegiak ere konfirmatu dituzte. Motxila 21 taldeak 16:30ean joko du; Ruper Ordorikak, 17:30ean; Georgie Famek, 19:00etan; Van Morrisonek, 20:30ean; eta Rubiak, 22:30ean. Hurrengo egunean, zapatuan, goizago irekiko dituzte ateak, 13:30ean hain zuzen ere. Mud Candies taldea 14:00etan igoko da eszenatokira; El Gran Wyoming y los Insolventes, 15:15ean; The Steepwater Band, 17:00etan; Imelda May, 18:30ean; Alpha Blondy, 20:15ean; eta Gov´t Mule, 22:15ean. Sarrerak Kutxabanken kutxazainetan eta www.ticket.kutxabank.es webgunean daude salgai.

Jaialdiaren iturburua “Music Legends” kontzertu-saila da, 2011. urtetik 2015. urtera bitartean Bilboko BBK aretoan egin dena.