Udalaren lehentasunak batu dituzte “Sondikako aukera-Sondika aukeratu” programan

Aikor aldizkaria 2017ko mai. 29a, 14:04

Sondikako Udalak “Sondikako aukera-Sondika aukeratu” programa aurkeztu du. Guztira, herritarren bizi-kalitatea hobetzeko helburua duten 82 proiektuk osatzen dute programa. Udalak esku artean dituen lehentasunak eta egitasmoak hedatu nahi ditu herritarren artean, sondikoztarrek proiektu bakoitzaren gorabeheren berri izateko. 

“Gure kudeaketa-eredua lau haizeetara zabaldu nahi dugu, zertan gabiltzan herritarrek argi eta garbi jakiteko”, esan du Xabier Zubiaur herriko alkateak. Programa Udaleko webgunean dago gaztelaniaz irakurgai, eta, irailetik aurrera leku berezia edukiko du www.sondika.eus webgunean.

Egitasmoa lau ataletan dago banatuta, proiektuak argiago sailkatzeko. Garapena atalak hirigintza jorratzen du; Jendea atalak, laguntza eta pertsonak; Bihotza atalak, kultura, euskara eta historia; eta Auzoak atalak, auzoen garapena. Egitasmoak aintzat hartzen dituen 82 proiektuetatik, 13 dira lehentasunezkoak; 42, bigarren mailakoak; eta 27k martxan dagoen zerbitzuren bat hobetzea dute helburu. Lehentasunezkoen artean, besteak beste hauek aipatu ahal dira: auzoko zinegotzia sortzea, Euskararen Plan Estrategikoa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunaren III. Plana, langabezia-tasa % 10aren azpian jartzea eta Hiri-Antolamenduko Plan Orokorra onartzea eta garatzea.

“Gardentasunaren eta kudeaketa partekatuaren aldeko apustua egin dugu, programa horri esker. Sondikako aukera-Sondika aukeratu proiektua ate irekia da herritarrentzat eta talde guztietako zinegotzientzat. Udal gobernuaren lehentasunak ezagutzeko eta horiek pausoz pauso jarraitzeko tresna bat da, hain zuzen ere. Gurea proposamen dinamikoa da, herritarren ekarpenei irekita, hau da, aurrerapauso handia da Sondikako kudeaketa-ereduari dagokionez”.

Sondikako aukera-Sondika aukeratu proiektua 2020era arte luzatuko da. Hurrengo hamarkadari begira, Udalak jakinarazi nahi die herritarrei eta batez ere, gazteei, Sondikan bizi izatea merezi duela. “Sondikak erronka asko ditu eta horiek zelan gauzatzen ditugun jendeak ikustea nahi dugu; gainera, beste batzuk sortuko dira eta horiek ere gainditu nahi ditugu, guztion artean gure herria etengabe hobetzeko”. 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).