Langileek talde-salaketa ipini zuten eta hori irabazi ere egin zuten 2014an, baina, kendutako dirua eskuratzeko, hurrengo pausoa banakako salaketa ipintzea zela jakinarazi zieten sindikatutik, eta, errepresalien beldur, inor ez zen ausartu hori egitera. Beren esanetan, enpresak aukera aprobetxatu zuen dietak ere kentzeko.
Aurtengo otsailean bitarteko sindikalak enpresa-buruekin batu ziren, egoera aztertzeko. Antza, diru-akordioa egin zuten eta bitarteko sindikalak, lagun bi, kalera joan ziren. Horren ostean, eta beti, lanik ezaren ondorioz, tartean arazo ekonomikoak daudela argudiatuta, beste lau langile kaleratu dituzte. “Lana egon badago. Badakigu lankideek lan handia dutela, eta, gainera, aparkalekuan ez da garabirik ikusten. Uste dugu kaleratu egin gaituztela, langileen kexak isilarazteko”.
Kaleratutako lau langileak 40 urtetik 55 urtera bitartekoak dira eta enpresan 20-16 urte eman dituzte. Urteko 20 egun ordaindu diete indemnizaziotzat, bidezko kaleratzea izango balitz moduan. “Guk ez dugu enpresara itzuli nahi. Gure ustez, bidegabeko kaleratzea izan da, enpresak ez duelako diru-galerarik. Hori dela-eta, salaketa ipini diogu eta eskatzen dugu bidegabeko kaleratzeari dagokion indemnizazioa ordaintzeko: hau da, urteko 45 egun 2012ko otsailera arte; eta handik aurrera, 33 egun”. Epaiketa datorren urtean izango da eta, bitartean, ekainetik egunero batzen dira Asuan, enpresaren aurrean, eta Sondika herrian bertan, enpresak asegurua kontratatuta duen aseguru-etxearen aurrean. “Hemen gaude, gurea denaren eta gure duintasunaren alde borrokatzen. Hau doan irten ez dakien”. Horren haritik sondikoztarrek eta erandioztarrek emandako babesa eta laguntza eskertu dute.
Bestalde, enpresarekin ipini gara harremanetan euren ikuspuntua ezagutzeko, baina ez dugu erantzunik jaso.