Herritarrek Udalaren lehentasunak ezagutu ahal dituzte sondikakoaukera.eus webgunean

Aikor aldizkaria 2017ko urr. 17a, 10:57

Xabier Zubiaur Sondikako alkateak www.sondikakoaukera.eus webgunea aurkeztu du. Ataria “Sondikako aukera – Sondika aukeratu” programaren haritik ipini dute martxan, eta herritarren eta Udalaren arteko harremana sustatzeko tresna izatea du helburu, sondikoztarrek Gobernu taldearen lehentasunak zeintzuk diren jakin dezaten, eta horiei jarraipena egin ahal diezaieten. 

Zubiaurren esanetan, beste talde politikoentzako tresna ere bada. “Edozein momentutan jakitun egon daitezen eta gai bakoitzari dagokionez, euren proposamenak mahai gainean ipini ditzaten”.

Horrela, bada, webgunean Udalaren lehentasunak batu dituzte hiru multzotan: legealdiko lehentasunezko proiektuak, lehentasunezko kudeaketako proiektuak eta modernizazio proiektuak. Orotara, 82 proiektu dira, herritarren bizi-kalitatea hobetzea helburu dutenak. Proiektu horiek zehazteko orduan, lau esparru hartu dira kontuan: herritarrak, hiri garapena, balioak eta auzoen garapena.

Legealdiko lehentasunezko proiektuen atalean 13 egitasmo batu dituzte eta haien artean hauek daude: langabezia-tasa %10etik behera ezartzea, euskararen plan estrategikoa eta Asua ibaia Zangroizen bideratzea. Lehentasunezko kudeaketako proiektuen atalean 42 egitasmo jaso dituzte: kirola sustatzea, merkataritza eta industriguneak indartzea, eta puntu beltzen mapa osatzea, banaka batzuk aipatzearren. Eta, azkenik, modernizazio proiektuen multzoan 27 egitasmo batu dituzte; haien artean, jokabide onaren kodea, hondakinak biltzeko zerbitzuaren eta garbiketa-zerbitzuaren kalitateari eustea, eta herriko elkarteak sustatzea.

Proiektu bakoitzaren gainean klik eginez, herritarrek haren gaineko informazio xehatua jasoko dute, hala nola egitasmoaren deskribapena, orain arte egindako ekintzak eta aurrekontua, eta euren iritzia eman ahalko dute proiektuari eta Udalaren jardunari buruz. Zubiaurrek adierazi duen moduan, webgunea “gardentasunaren aldeko behin betiko aurrerapauso bat da, eta prozesu-kudeaketaren ezarpena ere bada”.         

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).