URAk eta Sondikako Udalak hitzarmena sinatu dute, Asua ibaian bideratze-lanak egiteko

Aikor aldizkaria 2017ko urr. 19a, 12:56

Eusko Jaurlaritzako URA Uraren Euskal Agentziak eta Sondikako Udalak hitzarmena sinatu dute gaur Asua ibaian bideratze-lanak aurrera eramateko. Lanak Sondikako Industrias Albatik Sangroizko zubira bitartean egingo dira, bertan ura husteko ahalmena hobetzeko. Izan ere, ibai tarte horretan, ibilgua nabarmen eraldatu egin da. Hitzarmenaren arabera, Udalak lanak egiteko lursailak utziko dizkio URAri. Urtea amaitu baino lehen, URAk 2,9 milioi euroko aurrekontua duten lanak lizitatuko ditu. Lanak 18 hilabete barru bukatuta egotea espero da.

Asua ibaiak askotan gainezka egiten du eta horrek kaltea ekartzen die inguruko industriari eta auzokideei. Lanei esker, bideratze berri bat egingo da, ibai-tarte horretan zabalera handitzeko, eta uholdeak inguruan sortu ahal duen eragina murrizteko. Bideratze berriak ibaiertzak eutsiko ditu, eta 15 m zabalerako ibilgu-tartea sortuko du. Era berean, zubi zahar bi ordezkatuko dira, bideratze berriaren zabalerari egokituta, eta gaur egungo zubien ur hustuketarako ahalmena baino nabarmen handiagokoak. Egokitze hidrauliko hori egindakoan, ibaiertzak berreskuratuko dira paisaiaren ikuspuntutik.

“Lanak, lanak dira eta ondorioz, zonalde horretako langileek eta bizilagunek arazoren bat izango dute, baina oro har, lanek oso eragin txikia izango dute. Enpresen jarduera, esate baterako, ez da inola ere geldituko”, esan du Xabier Zubiaur alkateak. Asua ibaia aspaldiko arazoa da Sondikan eta horregatik alkatea oso pozik agertu da lanei buruz hitz egin duenean. “Harremanetan egon gara Sangroizeko bizilagunei eta eurek inork baino hobeto dakite nolako esfortzua egin dugun proiektua aurrera eramateko. Eskerrak eman nahi dizkiet eurek izandako pazientziarengatik. Asua ibaia bideratzeko proiektua handia izan da: izapide asko, garestia, krisia... Azkenean proiektua egingo da eta guztiok gaude oso pozik”. 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).