Sondikan Berton elkarteak bere irudia berritu du

Aikor aldizkaria 2017ko aza. 7a, 10:09

Sondikako zerbitzuen, dendarien eta ostalarien elkarteak logotipo berria aurkeztu du, eta webgunea berriztatzen ere badabiltza. Satur López elkartearen kideak azaldu digun moduan, irudiaz aldatzeak Sondikan Berton elkarteari identitate berria eta bereizia ematea du helburu. 

“Orain dela bospasei urte, Udalak kanpaina bat ipini zuen martxan, merkatarien elkartea bultzatzeko. Pegatinak, lanpasak, poltsak… banatu ziren denda guztietan, baina herrian 70 negozio inguru badaude, elkartearen barruan 16 baino ez gaude eta batzuek zein besteok erabiltzen dugu irudi berbera. Elkartearen kideak garenok logotipo berriaren bidez bereizi nahi dugu beste negozioetatik”. Horrela, bada, erabat irudi ezberdina sortu dute.

Hasieran aipatu moduan, www.sondikanberton.com webgunea berritzen ere badabiltza. “Bertan elkartearen barruan dauden establezimendu guztien datuak azalduko dira, eta beren webgunetara joateko loturak ere egongo dira. Era berean, elkartearen gaineko informazioa eta haren helburuak azalduko ditugu, eta urtean zehar egingo diren ekintzen berri emango dugu”. Gainera, kide berriak hartzeko kanpaina sustatu dute. Gutun bat bidali dute negozio guztietara eta han elkartearen nondik norakoak azaldu dizkiete. Datozen hilabeteei begira, bilera bat egiteko asmoa dute. “Zergatik egin elkartearen kide? Herriko merkataritza bultzatuz guztiok irabazten dugulako. Ideiak eta ekintzak aurrera ateratzea errazagoa da guztion artean egiten badugu, eta indar handiagoa edukiko dugu, gure eskaerak lortzeko orduan. Horrezaz gainera, elkartearen webguneaz eta gizarte sareez – Facebook eta Instagram- baliatu ahal gara, gure negozioa ezagutzera emateko, eta herrian zein Txorierrin ezagunagoa izateko ”.

Saturren esanetan, ez da garai ona herriko dendetarako. Alde batetik, merkataritza-gune handiekin lehiatu behar dute; eta bestetik, gero eta ohikoagoa da erosketak interneten bidez egitea. Nolanahi ere, herriko dendek badituzte kontuan hartzeko hiru erreminta nagusi: hurbiltasuna, tratu pertsonalizatua eta profesionalen aholkua. Era berean, parte-hartze aktiboa dute herriko bizitzan. “Deskontuak-eta dituzten puxikak botatzen ditugu San Joan jaietan, 160 euroko saski bat ematen dugu Santa Kurtzeko jaietako marmitako txapelketan …”.

Azkenik, Saturrek argi utzi nahi izan du, irudi berria egin duten arren, asko eskertzen dietela bai Udalari, bai Behargintzari zein Txorierri Valley elkarteari Sondikan Berton elkartearen alde egindako lana, eta aurrerantzean ere haiekin lanean jarraitzeko asmoa dutela.     

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).