Aurrekontu errealistak onartu dituzte Sondikan

Aikor aldizkaria 2018ko urt. 25a, 11:48

Horrela adierazi du hango alkateak, Xabier Zubiaurrek. Azaldu duen moduan, aurrekontuak sondikoztar guztien artean zabaldutako parte-hartze prozesu baten emaitza dira eta, ondorioz, herritarren beharrizanak eta eskaerak kontuan hartuta egin dira. 

Orotara, 5,28 milio euroko aurrekontua onartu da aurtengo ekitaldirako.

Besteak beste, argiztapenari eta bide-segurtasunari lotutako hobekuntzak egingo dituzte herrigunetik urrunago dauden auzoetan. Izartza kalea, eliza ondoan, urbanizatuko da, eta norabide bakarreko bihurtuko dira Gori kalea (Txorierri eta Mitxine arteko tartea) eta Uribe bidea. Era berean, Goiri-erdikoa kaleko argiztapena hobetuko da, eta oinezko pasabide goratu bat ipiniko da Gorondabeko kalean. Lehendakari Agirre kalean, lurpeko bidearen ondoan dagoen oinezkoen pasabidea atonduko da, irisgarritasuna hobetzeko. Hobekuntzak kiroldegietan ere izango dira, eta ezintasuna duten lagunei zuzendutako aparkaleku-plazak atonduko dira tren-geltokian, Txikigunean eta Udaletxean.

Bestetik, oinarrizko zerbitzuak, hala nola kultura, hondakinen bilketa eta lorezaintza, mantenduko dira, eta 8.000 euro zuzenduko dira gizarte-larrialdietara. Berdintasun Plana garatuko da, eta Egaz Txorierriri diru-partida bat emango diote, herrian lana sustatzeko. Horren haritik, adierazi dute Sondikako langabezia tasa % 8,3koa dela. 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).