Karlos Cristóbal sondikoztarra aske geratu da kartzelan 22 urte eman ostean

Aikor aldizkaria 2018ko ots. 20a, 17:50

Karlos Cristóbal sondikoztarra astelehenean atera zen Algecirasko espetxetik (Cádiz), kartzelan 22 urte eman ondoren. “Izapide batzuk egin behar izan zituzten eta azkenean goizeko 11:15ean atera zen”, esan digu Albertok, bere anaiak.

Espetxeko atarian 30 lagun eta senide joan ziren Karlosi ongi-etorria egitera eta etxera ekartzera. “Autobusa alokatu genuen eta bera atera bezain laster Euskal Herrira itzuli ginen. Gaueko 2:00etan heldu ginen etxera”.

Bidaia baino luzeagoa espetxeratzea izan da. Eta askoz gogorragoa, gainera. “Horrek guztiongan izan du eragina. Bizitza izugarri aldatu egin da azken 22 urteotan; esate baterako, aita urrian hil zitzaigun. Beraz, Karlos lurra hartzen dabil, bere bizitza berrira egokitzen, nolabait esanda”. Eta jarrera ona dauka. “Karlos betidanik izan da oso baikorra, lasaia, nahiz eta kartzelan egon”.

Gaur izan da aspaldi honetan askatasunean bizi izan duen lehenengo eguna eta noski, senideen artean pasatu du. “Goizean ama bisitatzera joan gara Sondikako egoitzara eta gero, bazkaltzera. Oso hunkigarria izan da, zelan ez. Herritik ibilaldi txiki bat ere egin dugu, berak ezagutu zuen herria, Sondika, gaur egun erabat desberdina delako. Hemendik aurrera, izapide pilo bat egin behar izango ditu: erroldatu, langabezian izena eman…”.  

 

Galizia komandoko kidea

Poliziak 1996an atxilotu zuen Karlos Cristóbal, Galizia komandoko kide izatea eta orduan Galiziako Xuntako presidente zen Manuel Fragaren kontrako atentatu bat prestatu izana leporatuta. Gainera, beste atentatu bi leporatu zizkioten: bata Bilbon, Telefonica enpresaren egoitzaren kontra; eta bestea, Basaurin, poliziaren auto baten kontra. Epaiketan, 45 urteko zigorra jarri zioten, delitu hauengatik: banda armatuko kidea izatea, armak eta lehergailuak modu ez-zilegian eta helburu terroristarekin edukitzea, faltsifikatzea eta erailketarako konspiratzea.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).