Hegalariak taldeak igoera lortu du

Aikor aldizkaria 2018ko mai. 31a, 14:04

Hegalariak areto-futbol taldeak igoera lortu du eta datorren urtean Euskal Ligan jokatuko du. Sondikoztarrak bigarren postuan gelditu dira eta ondorioz, igoera lortzeko, kanporaketa bat jokatu behar zuten, baina arerioek jokatzeari uko egin zioten Beraz, Hegalariak taldeak zuzenean lortu du igoera. 

“Lehenengo postuetan ibiltzea espero genuen denboraldi hasieran, baina igoera lortzea oso zaila da eta horregatik, oso pozik gaude, zelan ez”, azaldu digu Oskar Eguskiza taldeko teknikari laguntzaileak.

Hegalariak taldea Liga irabazteko gertu egon da, lehenengoak puntu biko aldea atera baino ez baitio. “Bigarren itzulian oso sendo ibili gara. Tamalez, azken jardunaldietan, beheko talde baten kontra galdu genuen –Beti Ortziri– eta ezin izan genuen lidergoa lortu”. Pozgarri Derioko taldea hirugarrena izan da Ligan. Hegalariak taldeak azken jardunaldian hartu zien aurrea derioztarrei. “Oso harreman ona daukagu haiekin eta benetan pena eman zigun Pozgarriri, hain zuzenean, igoera kentzea”.   

Hegalariak taldeak gol gutxien –70– jaso dituena izan da eta ez du partida bat ere kanpoan galdu. “Taldeak ondo defenditu du, baina goraipatzeko modukoa da atezainek erakutsi duten maila, batez ere, bigarren itzulian. Atezaina funtsezko jokalaria da areto-futbolean eta gureek aurrerapausoa eman dute eta oso erantzun ona eman digute”.

Mailari eutsi

Datorren urteari begira, sondikoztarrek ez dute presiorik izango. “Jokalariek eta Claudio García entrenatzaileak taldean jarraituko dute, eta ez dut uste fitxaketarik egingo dugunik. Beraz, mailari eustea dugu helburu, baina ahalik eta gorenen bukatzen saiatuko gara. Argi dago maila ezberdina dela eta, hori dela-eta, aldaketak egongo direla: bidaiak luzeagoak, apur bat garestiagoa da… Tira, moldatuko gara”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).