Trafikoa berrantolatuko da San Joan auzoan, Sondikan, eta aparkaleku gehiago atonduko dira

Aikor aldizkaria 2018ko eka. 29a, 13:24

Xabier Zubiaur Sondikako alkateak adierazi duen moduan, lanak abuztuan egingo dira oporraldia eta auto gutxiago daudela aprobetxatuz. Trafikoa Errementari eta Goiri Erdikoa kaleetan berrantolatuko da, eta 28 aparkaleku gehiago atonduko dira. Guztira 285 aparkaleku egongo dira

“Bigarren ilaran aparkatzea ekidingo da eta, ondorioz, segurtasun handiagoa egongo da eta non aparkatu topatzea errazagoa izango da”. Trafikoa Goiri erdikoa kalearen eta Txorierri etorbidearen arteko loturan ere berrantolatuko da. Hala, eta leku horretan seguruago ibili ahal izateko, Txorierri etorbidetik datozen autoek edukiko dute lehentasuna. Era berean, seinaleak, aparkalekuak, pasabideak eta abarrekoak margotuko dituzte auzko kaleetan. “Beste urrats bat da auzoa hobetzeko”, esan du Zubiaurrek. “Sabino Arana kalearen irisgarritasuna hobetu genuen, eta LED argiak ipini ziren auzoaren argitasuna ere hobetzeko”. Aipatutakoez gainera, abuztuan egingo diren lanek “auzokideek bizi-kalitate handiagoa edukitzea ekarriko dute, eta auzoko dendarientzat ere izango dira mesedegarriak”.

Bestetik, Sondikako Udalak Errementari kaleko seinaleak, aparkalekuak eta pasabideak ere margotuko ditu, Goiri kaletik futbol zelairantz. Baita Txorierriko korridorerako sarbidea ere. Guztira 23.000 euro ipiniko ditu lanotan.