Asua ibaia bideratzeko lanak gaur hasi dira Sondikan

Aikor aldizkaria 2018ko ira. 17a, 13:26

Gaur hasi dira Asua ibaia bideratzeko lanak, Sondikan. Lanak Uraren Euskal Agentziak (URA) egingo ditu Industrias Albatik Sangroizeko zubira bitartean. Lanei esker, tarte horren ahalmen hidrauliko handituko da, hau da, Asua ibaiaren ur-goraldi naturalek inguruko industria eta etxebizitzetan izan ahalko luketen eragina murriztuko da.

Sondikako Udala eta URA elkarrekin dabiltza lanean. Udalak lanen lursailok utzi dizkio URAri, eta horrek 18 hilabete emango ditu lanak bukatzen. Aurrekontua 2,3 milioi eurokoa da. Bideratze berriak ibaiertzak eutsiko ditu era indarberrituan, eta 15 metro zabalerako ibilgu-tartea sortuko du. Era berean, zubi zahar bi ordezkatuko dira, bideratze berriaren zabalerari egokituta. Lanek ez die inguruko jarduera industrialei kalterik ekarriko.  

Lanok ez dute ibaiaren ibilguan eragingo, baina ertzetan dagoen lurra eta hormigoia erauziko dira. Egokitze hidrauliko hori bukatutakoan ibaiertzak txukunduko dira,  bideratze berria inguruan ahalik eta hoberen txertatzeko.