Ikurriña Plaza berritzen dabiltza Sondikan

Aikor aldizkaria 2018ko azaroaren 13a

Sondikako Udalak Ikurriña Plaza berritzeko lanak jarri ditu martxan. Lanek 26.000 euroko aurrekontua dute eta fase batzuetan egingo dira. Izan ere, plaza herrigunean dago eta hainbat ekitaldi antolatzen dira bertan: esate baterako, azaroaren 18an, Euskal Azoka antolatuko da plazan.

“Lanak behar-beharrezkoak ziren, jende askok erabiltzen duelako plaza egunero. Berrikuntzari esker, plaza osoa apainduko dugu”, esan du Xabier Zubiaur Sondikako alkateak. Langileak dagoeneko dabiltza lanean. Plazaren solairua konponduko dute; eta Euskal Azoka egin eta gero, behar bezala margoztuko dute. Gainera, umeek jolasteko eremu berria jarriko da.