Euskaraldia eta Euskararen Eguna

Goza dezagun euskaraz!

Aikor aldizkaria 2018ko aza. 27a, 09:03

Euskararen Eguna Sondikan ospatuko dugu aurten txorierritarrok. Gaurtik abenduaren 3ra arte, ekintza sorta zabala edukiko dugu bertan, euskaraz aritzeko eta euskaraz gozatzeko; antzezlanak, bertso saioak eta musika emanaldiak, tartean. Ohikoa den moduan, ekintzak Txorierriko Zerbitzuen Mankomunitateak antolatu ditu herriko elkarte guztiekin batera. 

Euskararen Egunari lotutako ekitaldiei eskoletako umeen eskutik emango zaie hasiera. Orotara, 1.177 umek hartuko dute parte ikuskizunetan, eta 20 autobus beharko dira haiek Gorondagane kiroldegiraino eramateko. Ohikoa denez, Sondikako herri ikastetxekoek aurkezpena egingo dute saio bakoitzaren aurretik. “Horretarako, dantzak eta kantak prestatu dituzte eskolan. Muralak-eta ere egin dituzte lekua apaintzeko. Egundoko lana da. Gainera, seigarren mailakoek hiru bertso landu dituzte Etxahun Lekue bertsolariarekin batera. Bertsoak gainerako eskoletakoei eman zaizkie, ikas ditzaten, eta gero, saioaren egunean, guztiek batera kanta ditzaten”, azaldu du Laura Martinez euskara teknikariak.

Lehen txanda lau urtetik sei urtera bitarteko umeek dute gaur. Zirika Zirkus taldeak Egun on sikiera! ikuskizuna aurkeztuko die. “Euskaraldiari begira prestatutako antzezlana da. Dantzak eta kantak uztartzen dituzte bertan, baina atzean badago mezu bat: eskolan, euren artean euskaraz egin dezaten, eta eskolatik kanpo ere bai”. Zazpi urtetik bederatzi urtera bitartekoentzako saioa bihar, hilaren 28an, izango da; eta 10 urtetik 11 urtera bitartekoentzat, hilaren 29an. Imanol magoak aho zabalik utziko dituen ikuskizuna eskainiko die txanda bietako umeei. Hiru egunetan saio bi egongo dira: bata, 09:30ean; eta bestea, 11:00etan.

Txorierri Institutuko lehenengo mailako ikasleentzat ere antolatu da ekitaldi bat: Txorierritmoz. “Baina hori Derioko Gurea Aretoan egingo da. “Azken batean, guztiek ikasten dute Derion, eta ez du zentzu handirik Sondikara eramatea”. Musika topaketak iaz egin zituzten lehenengo aldiz, eta hain zen arrakastatsua, ezen aurten ere antolatzea erabaki baitute. Agertokira Zuriñe Hidalgo (Hesian) eta Iker Villa (Revolta Permanent) abeslariak igoko dira. “Saioaren gaineko material didaktikoa badago eta gaztetxoek hura landuko dute musika eskolan. Helburua da ikasleen eta musikarien artean interakzioa egon dadila, elkarrizketa egin diezaieten… Gainera, laugarren mailan talde batean jotzen duen, edo musikaria/abeslaria den gazteren bat edo gehiago baleude, horiek ere gonbidatuko genituzke agertokira igo eta musika topaketetan parte hartzera”. Ekintza hilaren 28an izango da eta saio bi egingo dira: bata, 10:00etan; eta bestea, 11:45ean.

 

Arrakasta oinarri

Publiko orokorrentzako ekitaldiak barikuan, hilaren 30ean, hasiko dira. Joan den urtean moduan, Hau ez da kasualitatea bertso saio musikatua izango da egun horretan, 18:30ean, Kultur Etxean. Uxue Alberdi, Miren Amuriza, Malen Amenabar eta Ane Labaka arituko dira bat-batean, oholtza gainean. Gai-jartzaile Amaia Agirre ibiliko da. Ostean, Taberna Ibiltariak lekukoa hartuko du, Sondikako kaleak euskal kantuz betez. “Formatu klasikoa da, bai, baina itzelezko arrakasta duena. Beraz, zergatik aldatuko dugu? Urtero, 200 lagun inguru batu ohi dira bertso saioan, eta Taberna Ibiltaria taldekoekin batera lagun asko ere ibiltzen dira kalez kale. Jendeak eskatzen dituen ekitaldiak dira. Gainera, bertso-saioari dagokionez, eta Lekuek lagunduta, seigarren mailakoek bertsoak prestatzen dituzte bertsolariak aurkezteko, eta horiek erantzun egiten diete. Oso polita izaten da”.

Zapaturako, oso ekitaldi erakargarri bat antolatu da umeei zuzenduta: Kantu Kolore taldearen emanaldia. “Zazpi irakaslek osatutako taldea da, eta itzelezko kantuak eta koreografiak dituzte. Umeek horiek landu dituzte aldez aurretik eskolan, ikuskizunaren egunean kantatu eta dantzatu ahal izateko. Orain modan dagoen taldea da”. Ekitaldia 17:30ean izango da Gorondagane kiroldegian.

Lorca eta Lauaxeta poeten obran oinarritutako Ele! kontzertuak amaiera ezin hobea emango dio Euskararen Egunari aurten. Emanaldia domekan, hilaren 2an, izango da Kultur Etxean, 18:30ean. Aipatu beharra dago kontzertu hau zein bertso saio musikatua doakoak izango direla, baina lekuak betetzen direnean, ezin izango da aretora jende gehiagorik sartu.

Parte-hartzaileak

Euskararen Eguneko aurreko edizioetan moduan, antolatzaileek ahalegina egin dute ekintza parte-hartzaileak antolatzen. “Helburuak dira euskara erabiltzea eta gure kultura zabaltzea. Ekitaldiak helburu horiek betetzeko asmoz antolatu dira, izan ere, erabilera bultzatu behar da: jendea parte senti dadila eta euskaraz egin dezala”. Euskararen

Eguneko ekitaldiak eta Euskaraldia aldi berean gertatuko dira aurten eta horrek, beharbada, eragina edukiko du ekitaldietan. “Espero dut ekintzetan jendea ahobizi eta belarriprest intsignia ipinita azaltzea. Are gehiago, espero dut saioetan inoiz baino belarriprest gehiago batzea, izan ere, ahalegin handiena horiekin egin behar dugu”. Euskara teknikariaren ustez, egitasmo biak aukera paregabeak dira euskaraz hitz egiteko, ondo pasatzeko eta gure kulturaz jabetzeko. “Euskara erabiliz ondo pasatzeko, azken batean. Era berean, Txorierriko euskaltzaleak batzeko gunea izatea ere nahi dugu, guztiok elkartzeko eta hain gutxi ez garela ikusteko”. Hitzordua, beraz, Sondikan dugu aurten, azaroaren 27tik abenduaren 3ra arte.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).