Eskolako teilatua konponduko dute Sondikan

Aikor aldizkaria 2018ko abe. 19a, 09:56

Sondikako Udalak jakinarazi duen moduan, Eusko Jaurlaritzak Gorondagane ikastetxeko teilatua konponduko du. Eraikinak itoginak ditu eta hezetasuna dago haren barruan. Gurasoak horren kexu azaldu dira behin baino gehiagotan. 

“Nahi baino denbora luzeago eman dugu arazo honekin, baliabide ekonomikoak beti mugatuak dira eta”, esan du Xabier Zubiaur Sondikako alkateak.

Lanak urrian lizitatu ziren eta 2019ko udan egingo dituzte, eskola-jarduerari oztoporik ez ekartzeko. Lanetan 329.507 euro ipiniko dira, eta lau hilabete iraungo dutela aurreikusi dute. 

Bestetik, Udalak herriko luminaria guztiak aldatzeko asmoa du, eta abenduan LED argiak ipintzen dabiltza auzo hauetan: Artxanda, Berreteaga, Izartza, Zangroiz, Aresti eta La Campa. Horrela, Auzoen zinegotzia zerbitzuaren bidez egin den eskaerari emango diote erantzuna. “Auzoetako argiak hobetzen baditugu, segurtasun handiagoa edukitzeaz gainera energia aurreztuko dugu”, esan du Zubiaurrek. Lanetan 19.158 euro inbertituko dute.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).