Sondikak 5,3 milioi euroko aurrekontuak onartu ditu 2019rako

Aikor aldizkaria 2019ko urt. 7a, 09:55

Bertako Udalak jakinarazi duen moduan, EAJ-PNV alderdiak aurrekontuen aldeko botoa eman du; eta EH Bilduk eta PSEk, kontrako botoa. Aurrekontuak onartu baino lehen, parte-hartze prozesu bat zabaldu zen herritarrentzat eta alderdi politikoentzat. Sondikoztarrek 65 proposamen aurkeztu zituzten.

Gizarte arloan, Udalak 8.000 euro zuzenduko ditu Eusko Jaurlaritzak kudeatzen dituen gizarte-larrialdiko laguntzak osatzera. Horrela, premia handiak dituzten sondikoztarrei laguntza emango die. Era berean, 10.000 euro erabiliko ditu Berdintasunaren Plana garatzeko; eta 60.000 euro, enplegua sustatzeko (langabezia-tasa % 8,7koa da Sondikan). Horren haritik, gainera, 10.000 euro gehiago bideratuko dira Eskualdeko Enplegu-planera. Bestetik, adierazi dute oinarrizko zerbitzuetarako –etxeko laguntza, gizarte-hezkuntzako laguntza– badagoela 235.000 euroko laguntza.

Inbertsioei dagokienez, proiektu hauek azpimarratu dituzte: San Joan elizaren ondoko lursaila urbanizatzea eta bertan plaza bat egitea (220.000 euro), Gorondaganeko urbanizazioa birgaitzea (60.000 euro), Txorisoloko jolas gunea konpontzea, eta kiroldegietan eta eskolan hobekuntzak egitea.

“Herritarrekin eta alderdi politikoekin batera egindako aurrekontuak dira. Aurrekontu errealistak, progresistak eta sozialak dira, Sondikari aurrera egiten lagunduko diotenak”, esan du Xabier Zubiaur alkateak.