Mendi Tourra otsailean ailegatuko da Sondikara

Aikor aldizkaria 2019ko urt. 31a, 10:22

Mendi Tourra Bilbao Mendi Film Festival-ean aurkeztu diren pelikularik onenen erakusketa da, eta Sondikako Kultur Etxera The Dawn Wall filma ekarriko du otsailaren 17an. Emanaldia 18:00etan izango da, eta sarrerak Kutxabank-eko salmenta-zerbitzuaren bidez eros daitezke lau euroan. Pelikula ikusi ostean solasaldia egongo da.

Mendi Tourrak mendiari, muturreko kirolei, abenturei eta naturari lotutako pelikulekin gozatzeko aukera ematen du. Sondikan The Dawn Wall filma aurkeztuko du. Film horren protagonista Tommy Caldwell da. Caldwell horma handiak eskalatzen dituen munduko onena da, eta pelikulan bere bizitza jaso da.  

The Dawn Wall lanak hasiera eman zion iaz Mendi Film Festival-ari, eta hura 1.600 lagunek ikusi zuten. Gainera, festibalaren sari nagusietako bat eman zioten: Epaimahaiaren Saria. Otsailean, formatu handian ikusi ahalko da Sondikan, hango Udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Zineuskadiren elkarlanari esker. Pelikula publiko guztientzat da, eta oso hunkigarria ere bada.

2015eko urtarrilean, Tommy Caldwell eta Kevin Jorgesonek erronka itzel bati egin zioten aurre: Yosemiteko Parke Nazionaleko The Dawn Wall (Kalifornia) eskalatzea. Hori ia 1000 metroko hormatzarra da, oso zaila eskalatzen, eta erronka bete zutenean mundu osoaren arreta haienganatu zuten. Baina Caldwellentzat horma handi hori eskalatzea lorpena baino askoz gehiago izan zen. Horrela, bada, bere bizitzan esperientzia gogorrak gainditu behar izan ditu, eta horma eskalatu izana bizi-proiektu bat amaitzea ekarri zion.

Caldwellek eta Jorgesonek sei urtez antolatu zuten The Dawn Wall nola eskalatu, eta entrenamenduak ere egin zituzten. Azken saiakeran, mundu osoa haiei begira zutela, muturreko erabakiak hartu behar izan zituzten.    

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).