The Beach Boys eta Ben Harper, BBK Legends jaialdiaren artistarik nabarmenenak

Aikor aldizkaria 2019ko mar. 14a, 09:47

Antolatzaileek BBK Legends jaialdiaren kartela itxi dute. Jaialdian egongo direla konfirmatu duten azken taldeak hauek dira: Paul Collins Beat, Watermelon Slim eta Amann & The Wayward Sons. Hala ere, The Beach Boys eta Ben Harper & The Innocent Criminals dira aurtengo artistarik garrantzitsuenak. Haiekin batera, musikari hauek arituko dira: Little Steven and The Disciples of Soul; Suzanne Vega; Kitty, Daisy & Lewis; Anje Duhalde, Amann & The Wayward Sons eta Mississippi Queen & The Wet Dogs. Kontzertuak Sondikan, BBKren Ola zentroan, egingo dira ekainaren 14an eta 15ean.

Dekker Events enpresak –BBK-ko babesarekin– antolatzen du jaialdia eta aurten bosgarren aldiz egingo da Sondikan. Antolatzaileen esanetan, jaialdiak bat egiten du  BBKren egiten duen kohesioaren eta gizarteratzearen aldeko apustuarekin. Izan ere, musika, arte eta kulturaren bidez, jaialdiak publiko ezberdinak elkartzea, hausnarketa piztea eta herritarrak interpelatzea ditu helburu. Aurreko edizioetan egin duten moduan, antolatzaileek ingurumena zaindu nahi dute. Horretarako, ekologiari lotutako mezuak zabalduko dituzte eta birziklatzea eta garraiobide publikoak erabiltzea bultzatuko dute. Jaialdiaren txartelak badaude salgai. Egun biko bonuak, esate baterako, 95 euro –gehi gastuak– balio izango du; eta egun batekoak, 55 euro –gehi gastuak–.

Beste alde batetik, aipatzekoa da jaialdia Iberian Festival Awards 2019 sarien finalista dela, “Neurri ertaineko jaialdirik onena” eta “Portugaleko eta Espainiako jaialdirik onena” kategorietan. Sari horiek Iberiar Penintsulako 10 jaialdirik onenak hartzen dituzte aintzat. 2018an, besteak beste, Jeff Beck, Steve Winwood, Mavis Staples, John Cale, Wilko Johnson eta Glenn Hughes ibili ziren Sondikan. Antolatzaileek eskerrak eman dizkiete BBK Legends Festivalen aldeko boza eman duen guztiei. Era berean, adierazi dute finalista izateak ilusioa egiten diela, lan egiten jarraitzeko eta ahalik eta jaialdirik onena egiteko.