Zer balantze egiten dozu oraingo legealdiaren ganean?
Oso legealdi ona izan da. Uste dot erakutsi egin dogula Sondika martxan egon dala, herri hau bizia dala eta aurrera egiten dauala. Gure Lehentasun Planen % 83 bete dogu eta, ganera, azken urteotan geldituta egozan proiektu batzuk bultzatzea lortu izan dugu, besteak beste, eleiza ondoko orubea, Gorondagane eskolako teilatua edo Asua inguruan ibaia zabaltzea.
Sondikako Aukera Lehentasun Plana betetze-maila handira heldu da.
Bai, hori oso garrantzitsua da guretzat. Uste dot Bizkaia osoan herri bakarra garala, edo apurretakoa gitxienez, herritarrei landu dituen proiektuen eta lanen berri emon deutsena. Bakoitzaren betetze-maila azaltzen joan gara eta, ganera, aukera emon dogu proiektu bakotxean parte hartzeko, proposamenak eginez eta bakotxak bere erispideak azalduz. Eta holan egin dogu benetan sinesten dogulako.
Egin diran lan guztietatik, zein nabarmenduko zeunke?
Bi jarduera azpimarratuko neukez. Alde batetik, Gorondagane eskolako haur hezkuntzako eraikineko teilatua osorik konpondu dogu. Urteetan blokeatuta egon da, eta jolasgunean be estalkia amaituko dogu 2020an. Eta beste bat, zalantzarik barik, Joan Deuna auzoan egin diran hobekuntzak: aparkatzeko tokia % 11 handitu dogu eta LED argiteria jarri dogu. Herritar asko bizi dira bertan eta denda gehienak be han dagoz.
Hurrengo legealdira begira, zer proposatzen dozue?
Proposamen errealistea egin gura deutsegu Sondikako herritarrei. Baina ez hori bakarrik, proposamen hurbila egin gura dogu proiektu zehatzakaz, euren beharrei erantzuteko. Bide horretatik, LED argiteria herri osoan zabaldu gura dogu, umeentzako jolasgune bat estaliko dogu, gure kiroldegiei bultzada barria emongo deutsegu, eskolako patioak estalki bat izango dau, ikasteko gela egingo dogu eta Larrabarrenan komun publikoa jarriko dogu, bidegorri bat egingo dugu Lezamako bide zaharrean, gure merkatariak babestuko doguz… eta abar luze bat. Ekimen asko dira, baina gure konpromisoa erabatekoa da eta Sondikak bere jarraipena eta bere proposamenak egiteko aukerea izango dau, orain arte moduan, Sondikako Aukeraren bidez.
Hauteskundeen atarian gagoz, zeintzuk dira zure sentsazioak?
Harro sentitzen naz, harro Sondikagaz eta bere jendeagaz. Ezagutzen nabenek jakin dakite nagoen leku guztietan esaten dodala Sondika dala munduko herririk ederrena, onena. Sentimendu hau da gure herriaren alde egitera bultzatzen gaituena. Pasioa eta ilusino handia, hurrengo lau urteotan be, gure herrikideen laguntzeagaz, Sondika hobetzen jarraitu gura dogulako.