BBK Legends jaialdia gaur hasiko da Sondikan

Aikor aldizkaria 2019ko eka. 14a, 12:21

Dekker Events enpresak –BBK-ko babesarekin– antolatzen du jaialdia, eta aurten laugarren aldiz egingo da Ola zentroan. The Beach Boys eta Ben Harper izango dira artistarik nabarmenenak, baina ez bakarrak.

Ateak 17:00etan irekiko dira eta handik 30 minutura, Amann & the Wayward sons taldeak hasiera emango dio jaialdiari. Ostean, 18:45ean, Anje Duhalderen txanda izango da; eta, 20:15ean, Suzanne Vegarena. Paul Collins Beat taldea izango da hurrengoa, 21:45ean, eta, egunari bukaera emateko, 23:30ean, The Beach Boys taldea  arituko da.

Bihar ere egingo dira kontzertuak. Ateak gaur baino apur bat lehenago irekiko dira zapatuan, 16:30ean. Eguneko lehenengo saioa Mississippi Queen & The Wet Dogs taldearena izango da 17:00etan. Watermelon Slim –18:15ean-, Kitty, Daisy & Lewis –19:35ean– eta Little Steven & The Disciplines of Soul –21:15ean– taldeek arratsaldea girotuko dute. Azkenik, 23:30ean, Ben Harper aterako da agertokira The Innocent Criminals taldearekin batera.        

Jaialdia zuzenean ikusteko sarrerak oraindik daude salgai: egun biko bonuak, esate baterako, 95 euro –gehi gastuak– balio du; eta egun batekoak, 55 euro –gehi gastuak–.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).