Sondikoztarrek sua biztuko dabe ostera be

a: Juanjo Ortiz 2019ko eka. 19a, 10:34

Sondikoztarrak prest dagoz San Joan jaiez danak emonda disfrutatzeko, eta hango Udalak jai-egitarau oparoa antolatu dau txikiek, gazteek eta helduek ederto pasau dagien. Zapia lepoan jantzi, eta lau egunean zehar herritar guztientzako ekintzak egongo dira, esaterako jolas-parkea, gastronomia txapelketak, kirola, dastaketak eta dantzak. Era berean, alkarkidetzak lekua eukiko dau jaietan eta, zertan esan be ez, San Joan sua protagonista nagusia izango da.

“Etxekoakaz eta lagunakaz jai-egun alaiak, parte-hartzaileak, berdinzaleak eta solidarioak gozatu gura doguz. Jai-egitarauak eskaintza zabala eta askotarikoa proposatzen dau kalean eta toki publikoetan, eta adin guztietako herritarrentzat, gainera!”, azaldu dau Estibaliz Atxalandabaso Sondikako kultura zinegotziak.

San Joan jai-egitaraua ekintzaz beteta dator aurten. Antolatzeko orduan, udalak kontuan hartu dau aurreko urteko jarduerek izandako erantzuna, baita herritarrek inkesten eta mezu elektronikoen bidez helarazo deutseezan iradokizunak be. “Bestalde, jardueren ordutegia moldatu ohi dugu, egitarauan danetarako denporea egon daiten, jairako zein deskantsurako”. Jai-gunea betiko lez atonduko da, San Joan zelaian, hori “leku aproposa dalako eta danoi jaiaz gozatzeko aukerea emoten deuskulako”. Bertan karpa handia ipiniko da. “Oso sinbolikoa da. Karpea kuadrilen alaitasunagaz eta bizipozagaz betetzea dogu helburu”.

Barikuan txupinazoa bota, eta tiragoma-txapelketea egingo da. Talo txikiak dastatzeko aukerea be egongo da, eta Nogen taldeak eta Dj Munzak girotuko dabe gaua.

Zapatu goizean sukalki txapelketea egongo da, kalejirea, umeentzako jolas-parkea, Master Chef txikia eta jaietako nobedadeetariko bat: Iron Team. “Taldeka egiteko kirol proba da eta ginkana-formatua dau. Ekintzan zortzi urtetik gorako edonork parte hartu leike, amamek eta aititek be, animatzen badira”. Besteak beste, mus eta tortilla txapelketak egingo dira arratsaldean. Modus Operandi eta Lehian musika taldeak agertokira igoko dira 23:30etik aurrera.

Domekea San Joan eguna izango da. Txistulariek eta fanfarre batek musikea eroango dabe herriko txoko guztietara, eta Sondikako Herri Lasterketea egingo da lehenengo aldiz. “Lasterketearen haritik, ibilbide erakargarria atonduko da herri barruan”. Ondoren, aurten “Sondika Pintxotan” txapelketea irabazi dauen pintxoa dastatu ahal izango da eta, ohi moduan, herri bazkaria egongo da. “Herri bazkaria funtsezkoa da guretzat, eta benetan uste dogu alkarte guztientzat be ezinbestekoa dala. Alkartzeko une aproposa da, berezia. Giro aparta izan ohi da eta hori oso-oso garrantzitsua da gurea moduko herri batentzat”.

 

Suziak eskuan

Domekea egun solidarioa be izango da, arratsaldean igel-toka txapelketeari esker batzen dan dirua Ataxia Friedreich gaixotasuna dabenei laguntzera bideratuko da-eta. “Gure ustez, ha lako ekimenen bidez lagundu ahal izatea harro egoteko modukoa da, hau da, ekimenetan jarduera solidarioak sartzea. Herritarrek be oso begi onez ikusten dabez ekintzok eta parte-hartze ikaragarria egoten da”. Zalantza barik, urterik urte asko ikusi eta disfrutateko modua dago Sondikako jaietan; halanda guztiz be, San Joan sua ikusmin handiena sortzen dauen ekintzea da. “Suziak eskuan daroaguzala egiten dogun kalejireak sondikoztar eta bisitari asko erakarten dau. Gogoan dogun irudia da eta hori aurtengo kartelean islatu gura izan dogu”. Dj Pacok “gaueko sua” biztuta manteniduteko ardurea hartuko dau.

Jaietako atzenengo eguna izan arren, astelehenean oraindino be egongo da disfrutatzeko aukerea: umeentzako jolas-parkea, jubiladuentzako kopaua eta Puro Relajo Nafarroako mariatxien kontzertua. Azken trakak amaierea emongo deutse aurtengo Sondikako jaiei. “Herritar guztiak animau gura doguz jaietan parte hartzera, gozatzera eta kaleak giro onaz betetzera. Eta, jakina, gogoan izan Sondikan ez dogula jokaera edo jarrera sexistarik onartzen. Gozau eta errespetau! Gora Sondika!”. 

Jai-egitaraua

 

Ekainak 20, eguena

19:30Agrupacion Pentagramaren kontzertua, Kultur Etxean.

 

Ekainak 21, barikua

15:00-17:00 Umeen jolas-parkea, eskolan. Gorondagane gurasoen alkarteak antolatua.

17:00-19:00 Dj animatzailea, Gorondagane guraso alkartearen eskutik.

19:30 Txupinazoa eta zapiak banatzea, Gorabide alkartearen laguntzagaz.

19:45 Tiragoma txapelketea.

20:00 Talo txikiak dastatzea.

23:30 Kontzertuak: Nogen + Dj Munza.

 

Ekainak 22, zapatua

10:00 Sukalki txapelketan izena emotea, Hegalariak taldearen txosnan.

11:00 Kalejira, Ipar-Elaiak txistu taldeagaz.

11:30-14:00 Umeen jolas-parkea, zelaian.

12:00-14:00 Master Chef txikia.

12:00 Iron Team.

14:30 Sukalkia aurkeztea.

15:30 Zozketa, Garrasia taldearen eskutik.

16:30 Mus txapelketea, Hegalariak taldeak antolatua.

18:00 Balkoi Apainduen VIII. Lehiaketaren sariak banatzea, Udaletxeko batzar-aretoan.

18:30 Tortilla txapelketan izena emotea, CD Sondika taldearen txosnan.

18:30-19:30 “Jaurti zure hirukoitza” ekintza, Gorondabeko kiroldegian.

20:00 Tortillak aurkeztea.

23:30 Modus Operandi + Lehian.

 

Ekainak 23, domeka

11:00 Kalejira, Ipar-Elaiak txistu taldeagaz.

12:30-15:30 Fanfarrea: El Despiste Banda-Doinua.

12:30 Sondikako I. Herri Lasterketea.

13:00 Motorzaleak alkarretaratzea, Hegalariak eta Txori Bikers taldeek antolatua.

13:30 “Sondika Pintxotan” txapelketea irabazi dauen pintxoaren dastaketea.

14:30 Herritarren eta kultur eta kirol alkarteen arteko bazkaria, Hegalariak taldeak antolatua.

16:30 Trikileku, bazkarian. 

18:00 Txokolatea, Nagusien Etxean.

17:00 Igel-tokea. Ataxia Friedreich gaixotasuna dutenen aldeko ekintza.

19:30 Dantza agerraldia, Gorantzaileak dantza taldearen eskutik.

22:15 Zuziak banatzea, liburutegian.

22:30 Kalejirea eta San Joan sua.

23:00 Dj Paco.

 

Ekainak 24, astelehena

11:00 Kalejira, Ipar-Elaiak txistu taldeagaz.

11:30-14:00 Umeen jolas-parkea, Ikurrina plazan.

12:00 Mezea eta aurreskua.

13:30 Jubiladuentzako kopaua.

19:45 Sariak banatzea: Iron Team eta herri lasterketea.

20:00 Kontzertua: Puro Relajo.

21:00 Amaierako trakea. 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).