Herria, euskararen altzoan

Aikor aldizkaria 2019ko ira. 23a, 14:24

Altzora Sondikako euskara elkarteak Altzora Eguna ospatu zuen zapatuan. Ohikoa den moduan, giro ederra egon zen egun osoan zehar eta herriko elkarteek ere ekarpena egin zioten jaiari. Laguntza hori ezinbesteko dute euskara elkartekoek: “Oso garrantzitsutzat jotzen dugu egun hau gainerako sondikoztarrekin pasatzea”, adierazi dute.

Egitarau zabala antolatu zuten irailaren azken zapaturako. Goizean, hegaztien erakustaldia egon zen Ikurrinaren plazan. “Orain dela urte batzuk hasi ginen ekitaldia antolatzen eta oso harrera ona izan ohi du; erakustaldi ederra da”. Ondoren, Nire gorputza da flash mob-a egin zen Garrasia talde feministaren eta Gorondagane guraso elkartearen eskutik.

Dantza-poteoaren ostean, 300 lagun inguru batu ziren herri-bazkarian, eta arratsaldean herritar gehiago hurbildu ziren Altzora Egunera. Taberna Ibiltariak horiek guztiak ipini zituen dantzan. Euskara elkartekoek herriko elkarteen eta taldeen laguntza eskertu dute. Aurreko lerroetan aipatutakoez gainera, hauek ere ekarri dituzte gogora: Ipar-Elaiak txistu taldea, Gorantzaileak dantza taldea, Hegalariak areto-futbol taldea, Txuma Olagüe abesbatza, Pentagrama akordeoi elkartea eta Sondikako futbol taldea. “Egia esan, herriko elkarteek oso ekarpen garrantzitsua egiten diote ospakizunari. Hasiera-hasieratik oso ondo erantzun diote gurekin Altzora Eguna ospatzeko proposamenari”.

Altzorak Sondikan euskara zabaltzea du helburu, eta hizkuntza eguneroko bizitzarekin lotzea. “Giro euskalduna sortu nahi dugu; euskaraz bizi, azken batean”. Xedeari beste behin heldu diote, izan ere, sondikoztarrak euskararen inguruan batu dituzte Altzora Egunean; euskararen altzoan, hain zuzen ere”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).