Udalak sondikoztarren eskura ipini du gobernu-plana sondikakoaukera.eus webgunean

Aikor aldizkaria 2019ko aza. 7a, 13:59

Atari horretan, Sondikako Udalak legegintzaldi honetan lehentasuntzat dituen 87 proiektu eman ditu ezagutzera. Webgunearen informazioa hilean behin gaurkotuko da, eta herritarrek, besteak beste, jakin ahalko dute zeintzuk diren egitasmo bakoitzaren nondik norakoak eta gauzatze-maila. Era berean, iradokizunak egin ahalko dituzte.

Sondikakoaukera.eus webgunea aurreko legegintzaldian ipini zen martxan, eta hark izan duen harrera ona ikusita, udalak erabaki du oraingo legislaturan ere erabiltzea gobernu-plana herritarren eta gainerako alderdi politikoen eskura ipintzeko. “Herritarrekin partekatzeko kudeaketa-tresna da, gardena, eta XXI. mendeko gobernantza-ereduari jarraitzen dio”, adierazi du Xabier Zubiaur alkateak. “Udalaren egunerokotasunean prozesu gehiago dauden arren, jarraipena behar dutenak jaso ditugu atarian, euren bilakaera ikusteko”.

Webgunea euskaraz zein gaztelaniaz kontsultatu daiteke, eta orotara 87 egitasmo batu dituzte bertan hiru ataletan bereizita: legealdiko lehentasunezko proiektuak, lehentasunezko kudeaketako proiektuak eta modernizazio proiektuak. Legealdiko lehentasunezko proiektuen atalean 17 egitasmo jaso dituzte, hala nola haur-parkea estaltzea, argiteria publikoa eta eraginkortasun energetikoa, eskolako jolastokian estalkia ipintzea eta Artxanda biziberritzeko plana. Bestalde, lehentasunezko kudeaketako proiektuen atalean 42 egitasmo daude, esate baterako, Ola-Sondika tren-linearen jarraipena, merkataritza indartzea, enplegua sustatzea kirol-azpiegiturak hobetzea eta puntu beltzen mapa egitea. Azkenik, modernizazio proiektuen atalean jadanik martxan dauden edota hobetu nahi diren 28 egitasmo jaso dira; haien artean, hauek daude: hiriko eta udal-eraikinen mantentze-lanak, bide-seinaleak hobetzea, berdeguneak zaintzeko eta zaborra biltzeko zerbitzuen kalitateari eustea eta kultur eskaintza. Proiektu bakoitzaren gaineko informazio zabala ere eskaintzen da webgunean, eta herritarrek ekarpena egiteko aukera dute. “LED argiak udalerri osora zabaltzen jarraitu nahi dugu, gazteek aisialdia emateko eta ikasteko guneak zabaldu, txikiek jolas-parke estalia izan dezatela… Proiektu asko ditugu Sondikarako eta legealdi honetan gauzatu nahi ditugu”.

Egitasmoak era berean beste lau ataletan sailkatu dira: Sondikako garapena, hirigintza garatzeko edo administrazioa hobetzeko jarduketak biltzen dituena; Sondikako jendea, herritarrei eskaintzen zaien laguntza eta herritarren garapena hobetzea helburu duten ekintzak batzen dituena; Sondikako bihotza, kulturari, euskarari, balioei eta Sondikako historiari lotutako egitasmoak jasotzen dituena; eta Sondikako auzoak, auzoak hobetzeko ekimenak biltzen dituena.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).