Sondikako aurrekontuak ia % 3 handitu dira

a: turismo.euskadi.eus 2020ko ots. 7a, 15:19

Sondikako Udalak jakinarazi duenez, 5.473.410 euroko aurrekontuak onartu dira 2020. urterako; iaz baino % 2,76 gehiago. EAJk eta PSEk aldeko botoa eman dute, eta EH Bilduk, kontrako botoa. Udalaren esanetan, aurrekontuek ardatz nagusi bi dituzte: gizarte-inbertsioak eta udal-instalazioak eta azpiegiturak hobetzea.

Adierazitakoaren arabera, aurrekontuak sondikoztarren parte-hartzearen emaitza dira. Herritarrek orotara 49 egitasmo aurkeztu dituzte: % 56 aurten eramango dira aurrera; eta % 12, datozen urteotan. Gizarte-zerbitzuei dagokienez, udalak % 6 handituko du Mankomunitateari egiten dion ekarpena eta, hortaz, 160.000 euro baino gehiago emango dio. Halaber, ia 60.000 euro bideratuko ditu Behargintzara prestakuntza eta enplegua sustatzeko, eta 10.000 euro zuzenduko ditu herriko merkataritza bultzatzeko kanpaina bat egitera. Bestalde, euskararako eta berdintasunerako diru-partida 100.000 eurokoa izango da.

Udalak nabarmendu du ahalegin handia egin dela hiri barruko bideak eta udal-eraikinak hobetu ahal izateko. Horrela, bada, 62.000 euro inbertituko dira auzoetako eta hiriko azpiegiturak hobetzeko; 20.000 euro, gaztetxean; 45.000 euro, erretiratuen klubean eta liburutegian; 13.000 euro, futbol-zelaian; eta 20.000 euro, eskolan. Azkenik, 30.000 euro erabiliko dira irisgarritasuna hobetzeko.

“Aurrekontuak egiteko, herritarrei entzun diegu eta haien proposamenak hartu ditugu kontuan”, azaldu du Xabier Zubiaur Sondikako alkateak. “Aurrekontu errealistak, progresistak eta sozialak dira, eta, era berean, herriko azpiegituren beharrei erantzuteko xedea dute”.

EH Bilduren ustez, berriz, aurrekontu kontinuistak dira. “Berritasun bakarra da guk iaz egindako zenbait proposamen sartu dituztela, hala nola administrazio orokorreko teknikari bat kontratatzea eta berdintasunerako diru-partida handitzea; bestela, EAJk udal-zerbitzuen eredu pribatizatzailearekin jarraitzen du”. EH Bilduren esanetan, aurrekontuen harira 17 zuzenketa aurkeztu dituzte eta ez da bakar bat ere onartu. Proposamenen artean hauek daude: Irisgarritasun eta Mugikortasun Planak garatzea, politikarien eta alderdien soldatak murriztea, herriko langabetuak zuzenean kontratatzea, tasak ordaintzeko laguntzak izatea eta gizarte-larrialdietarako laguntzak handitzea. “Datuek eta errealitateak herrian beharrak daudela adierazten digute, eta udalak horietan inbertitu ahal eta behar du”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).