Inauteriak ospatuko dabez Sondikan asteburuan

Aikor aldizkaria 2020ko ots. 28a, 11:34

Inauteriak jada ospatu doguz Txorierriko herri gehienetan, baina asteburuan, otsailak 28 eta 29, Sondikakoen txandea da. Zalantza barik, bailarako hitzordu garrantzitsuetako bat da, eta bertan jentetza handia batzea espero da, aurreko urteetan moduan. Sondikako Inauterien Alkarteak herritar guztientzako ekitaldiak antolatu dauz, egun bitan zehar umeek, gazteek zein helduek ondo-ondo pasau daien.

Sondikako Inauteriek nobedade handia ekarri eben igaz, izan be jai-gunean batu ohi dan oso jente-kopuru handia kontuan hartuta, karpa bi ipini ziran: bata, Iturrikosolo kalean; eta bestea, Lehendakari Agirre kalean. Azaldu ebenez, Inauteriak ordura arte tren-geltokiaren ondoko aparkalekuan egin ziran, baina, sarrera-urteera bakarra izateaz ganera, hori leku itxia zan eta, horregaitik, arriskutsua izan leiteke, zerbait gertatu ezkero. Aurten be karpa biak ipiniko dira. Halanda be, alkarteak adierazo dauen moduan, joan dan urtean lagun piloa hurbildu zan Sondikaraino, eta eguraldi txarra izan ezkero, karpetan ez zan pertsona guztiak hartzeko lekurik egongo. “Eskerrak eguraldi ona egin ebana, eta espero dogu aurten be horrela izatea. Ganera, karpa handiagoak ipintzeko modurik ez dago, kaleetako garajeen sarrerea oztopatuko litzatekealako. Dana dala, guk pozik-pozik hartzen doguz Sondikara etortzen diran lagun guztiak”.

Sondikako Inauterien Alkarteak aurreko urteetakoen antzeko egitaraua antolatu dau, “oso ondo funtzionatzen daben ekintzak diralako”. Holan, otsailaren 28an, barikuan, txupinazoa botako da arrastiko 4etan eta sondikoztarrek ondoetorria egingo deutsie mila arpegiko eta koloreko jaiari. Umeentzako jolasak izango dira eskolan; eta ondoren, umeen kalejirea eta Xaiborren diskofestea. “Nobedade moduan, Taberna Ibiltaria ibiliko da txosnetan gaueko 11ak arte, helduak be hara erakartzeko. Bestalde, Mafalda taldeak kontzertua eskainiko dau eta uste dogu jente asko erakarriko dauela”. Barikuko mozorroaren gaia “musikariak” izango da, eta Facebooken bidez erabagi da. “Beti egiten dogu holan: alkarteak lau gai proposatzen ditu eta jenteak gehien gustetan jakona botatzen dau”.

"Nobedade moduan, Taberna Ibiltaria ibiliko da txosnetan gaueko 11ak arte, helduak be hara erakartzeko"

Alkartearen berbetan, ez da beharrezkoa zapaturako ekitaldi berezirik antolatzea, “berez jentetza handia batzen dauen eguna dalako”. Ekintzak goiz-goizetik hasiko dira. Umeen parkea egongo da, kalejirea eta tostada eta patata tortilla txapelketak. Zapatuko mozorroaren gaia librea izango da, eta ekintza honeek egongo dira arratsaldean, besteak beste: umeen desfilea, txokolatadea, kalejirea eta sardinaren hiletea. “Kalejirea oso ekitaldi berezia da guretzat, bertan herriko talderik gehienek hartzen dabelako parte, bakotxak bere mozorroagaz eta karrozeagaz. Aurten Hortzmuga taldea eukiko dogu kalejirea zein sardinaren hiletea girotzen eta oso ikuskizun polita izango da”. Perro Loco rock taldea agertokira igoko da gaueko 10,30etan eta Gora Herria taldeak erromeria eskainiko dau ostean. Sondikako kaleak kolorez eta mota askoko pertsonaiaz beteko dira beste behin; goazen ospatzera, beraz!   

Kalejirea oso ekitaldi berezia da guretzat, bertan herriko talderik gehienek hartzen dabelako parte” 

Tren-zerbitzu berezia

Euskotrenek tren-zerbitzua indartuko du gauez gaur zein bihar. Halan, zapatu goizaldean trena egongo da orduero Kukullaga/Etxebarri eta Sondika artean; eta bi orduro, Kukullaga/Etxebarri eta Lezama artean. Hirugarren linean 30 minuturo egongo dira tren bezeriak. Bestetik, Domeka goizaldeari dagokionez, orduero egongo da trena Sondika eta Kukullaga/Etxebarri artean; ohiko zebitzuaz gainera, trena 15 minuturo izango da 3. linean. Informazio gehiagorako: 944 333 333, www.euskotren.eus eta @euskotrenEJGV.

 

Otsailaren 28a, barikua

16:00 Txupinazoa eta jaien hasierea.

17:00 Jolasak, eskolan. Gorondagane gurasoen alkarteak antolatua.

18:00 Umeen kalejirea: eskolatik herrira, sardinagaz eta buruhandiakaz.

18:30 “Xaibor” diskofestea, umeentzat.

19:00 Txanpi-potea, txosnetan.

20:00 Taberna Ibiltaria.

00:00 Kontzertua: Mafalda.

02:00 Erromeria: Bidean.

04:00 Dj animatzailea.

 

Otsailaren 29a, zapatua

11:00 Umeen parkea.

12:00 Tostada lehiaketea.

12:00 Kalejirea, Elaiak txistu taldeagaz eta Elutxa txarangeagaz.

13:30 Patata tortilla txapelketea.

16:00 Kafea eta dantzea, Nagusien Etxean.

18:00 Umeen desfilea.

18:30 Elutxa txarangea, herritik.

19:30 Umeen mozorro lehiaketearen sariak banatzea.

19:30 Txokolatadea.

20:30 Kalejirea, Hortzmuga taldeagaz.

21:30 Sardinaren hiletea.

21:30 Tostada, patata tortilla eta erakusleiho lehiaketen sariak banatzea.

21:30 Nagusien mozorro lehiaketearen sariak banatzea.

22:30 Kontzertua: Perro Loco.

00:00 Erromeria: Gora Herria.

03:00 Dj animatzailea.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).