Gizon bat atxilotu dute Sondikan, hiru neska behartu izanagatik

Aikor aldizkaria 2020ko api. 21a, 18:53

Ertzaintzak gizon bat atxilotu du Sondikan, hiru neska behartzea leporatuta. Antza denez, 48 urteko gizonak bere alabaordea eraso zuen. Neskak 19 urte ditu. Gainera, beste neska bi behartu ditu; biak adingabeak eta ahizpak. Ustezko erasotzailea familiaren laguna omen da. Adingabeen amak salaketa jarri zuen eta adierazi du erasoak azken bost urteotan gertatu direla. 19 urteko neskaren amak ere berretsi ditu erasoak.   

Garrasia Sondikako talde feministak adierazpena egin du erasoak salatzeko. “Nazkatuta gaude, kokotaraino gaude, eta hemen izango gaituzue horrelako egoeren aurka borrokatzeko prest. Argi utzi nahi dugu ez ditugula horrelako egoerak jasango ez gure herrian ez inon. Horregatik, indarrak batu behar ditugu egoera hau salatzeko eta guztion artean garrai egiteko. Gaur egun, hainbat emakume daude beren erasotzailearekin etxean, inolako babesik gabe. Emakume guzti horiei ere gure eskua luzatzen diegu. Ez zaudete bakarrik, zure alboan izango gaituzue”, esan dute. Erasoen kontra agertzeko, Sondikako taldeak kazerolada egiteko deia zabaldu du gaur, 20:15etik aurrera. Gainera, puntu morea etxeko balkoietan eta leihoetan jartzeko gonbitea ere egin du.  

Sondikako Udalak ere gaitzetsi ditu erasoak. “Giza eskubide guztien urraketa larri eta onartezina da. Udal honek biktimei, haien senideei eta hurbileko inguruneari babes zintzoa eskaini nahi die. Ildo horretan, emakumeak errespetatzen ez dituen edozein jokabide arbuiatzen du”. Udalak esan du guztiok jarrera aktiboa izan behar dugula emakumeen aurkako edozein indarkeria-adierazpenen aurrean. “Azken batean, eraso matxisten aurrean erantzukizun indibidual eta kolektiboa hartu behar da”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).