Atarian zenbait atal daude. #BabesleakGara atalean, esaterako, sondikoztarrek laguntzei buruzko informazioa eskuratu ahal dute, hala nola udal-laguntzak eta lurralde-laguntzak. Halaber, informazioa eskaintzen da hainbat talderentzat, genero-indarkeria jasotzen duten emakumeak kasu, eta adin-tarte guztiei zuzendutako laguntza psikologikoaren zerbitzuen berri ematen da.
#MerkataritzaGara atalean, ostalarientzako, dendarientzako eta enpresetarako laguntzak batu dira. Gainera, merkataritza-sektoreari webgunea erabiltzeko gonbidapena egiten zaio, horretan euren produktuak eta zerbitzuak eskain ditzaten, eta merkataritza bultzatzeko sortutako ekimenak jaso dira; BBKren #kreoenti, tartean. Horren harira, Zubiarrek adierazi du zenbait ekimen aztertzen dabiltzala herriko dendak sustatzeko, adibidez, laguntza zuzenak eta bonu-kanpainak. “Horrezaz gainera, merkataritza- eta ostalaritza-produktuak eta zerbitzuak bultzatzeko edota erosteko gunea sortu behar bada, hori ere haiekin aztertuko dugu”.
Bestalde, pandemian finkatu diren zerbitzuak jaso dira atarian –Ludoteka eta Gaztetxe, esate baterako–, eta #KirolaGara eta #KulturaGara atalak sortu dira. #GizarteEkintzak atala udal-joskintza ikastaroan izan du oinarria. Orratzaren Klubeko jostunek 1.000 oihalezko maskara egin dituzte eta, besteak beste, osasun-langileen eta zahar-etxeko langileen artean banatu dituzte. Partikularrentzako maskarak ere egin dituzte, eta batzuk herriko saltokietan utzi dituzte herritarrek har zitzaten. Gorondagane eskolako gurasoen elkarteak eta Mankomunitatearen zerbitzuek ere euren atala dute #SondikaGara atarian.