Dirulaguntza zuzenei dagokienez, negozioa itxi behar izan duten lagunek 600 euro arte jaso ahalko dute. Gainera, dirua sobera egonez gero, zenbateko hori handitu liteke, baina ez litzateke 950 eurotik gorakoa izango. Bestalde, diru-sarrerak % 75 gutxitu dituztenek 300 euro arteko dirulaguntza jasoko dute. Dirulaguntzak arautzen dituzten oinarriak Euskadiko Aldizkari Ofizialean argitaratu behar diren arren, merkatariak eta ostalariak paperak prestatuz joan daitezke. “Laguntzek sektoreen ohiko gastuei ordaintzen laguntzea dute helburu, baita lokala segurtasun-neurrietara egokitzeko egin behar izan duten inbertsioa ordaintzen laguntzea ere”, esan du Xabier Zubiaur alkateak. “Sektore biak funtsezkoak dira gizarte-garapenean, kalitateko produktuak eta zerbitzuak eskaintzen dizkigutelako, gure izenaz deitzen digutelako eta une bakoitzean behar duguna dakitelako”. Udalak merkataritza-sektorearen lana eskertu du eta esker ona adierazi die batez ere konfinamenduko unerik gogorrenetan lanean jarraitu zutenei eta, oraindik itxita egon arren, egoeratik onik ateratzen saiatzen dabiltzanei. Halaber, deia egin die sondikoztarrei herrian eros dezaten.