Kanpainaren formatua gaur egun hartu beharreko osasun- eta higiene-neurrietara egokituko da. Horrela, bada, udalekuak goizez egingo dira, 09:00etatik 14:00etara, eta gehienez 10 lagun egongo da talde bakoitzean (begiralea barne). Umeak udalerriko hainbat lekutan hartuko dira eta bertan tenperatura hartuko zaie eta eskuak garbitu beharko dituzte. Gainera, ume bakoitzak bere gauzak eraman beharko ditu, hala nola maskara, gela eta tailerrak egiteko materiala. Uda 2.0 kanpaina toki hauetan egingo da: Kultur Etxea I eta II, Sondikako Kultur Etxea, San Joan landa eta Gorondagane eskola. Leku horietan, ibilbideak zehaztuko dira eta guztientzako eremuak sarritan garbituko dira. Behin-behineko izen-ematea ekainaren 10tik 14ra arte egin ahalko da sondikagara.eus webgunean, eta izen ematea, ekainaren 18tik 21era arte.
Ezohiko uda izango da aurtengoa eta, azaldu dutenez, Sondikako Udalaren lehentasuna hau da: osasun-agintariek onartutako eta familiekin adostutako udalekuen formatua egitea. Bestalde, baliteke Euskadi 3. fasean sartzea eta udalekuen moduko jarduerak arautzea, eta horregatik, udalaren ustez, datozen egunotan Uda 2.0 kanpainaren aurre-matrikula egin daiteke. “Osasun-agintarien eta deskonfinamenduaren bilakaeraren menpe gaude, baina badakigu familia askok alternatiba bat behar dutela”, esan du Xabier Zubiaur Sondikako alkateak. “Ziur gaude osasun-agintariek datozen egunotan jarduera arautuko dutela. Sektoreko enpresek asteak daramatzate alternatibak aztertzen, eta leku berriak eta giza baliabideak aurreikusi behar arren, ahaleginak mereziko du, sondikoztarrei lana eta familia uztartzen laguntzen badiegu”.