Sondikako trenbide-lanak zehazten dituen azterlana jendaurrean ipini da

Aikor aldizkaria 2020ko eka. 8a, 08:54

Ola-Sondika informazio-azterlana. Txorierriko trenbidea eta haren ingurumen-inpaktuaren buruzko azterlana jendaurrean ipini dira, korporazioek, elkarteek eta herritarrek alegazioak aurkeztu ahal izateko. Azterlanak leku hauetan kontsultatu daitezke: Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko Garraio Azpiegituren Zuzendaritzan (Gasteiz), Sondikako udaletxean eta euskadi.eus webgunean, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren Garraioen ataleko Azpiegitura-proiektuei buruzko informazioaren atalean. Ebazpena azken aldiz argitaratu, eta hurrengo egunetik aurrera 30 eguneko epea dago alegazioak egiteko.

Informazio-azterlanaren helburua hau da: Artxandako tunel berriaren eta Sondikako lurpeko geltoki berriaren artean trenbide bikoitzeko tren-ingurabide bat egiteko lanak zehaztea. Proiektuaren baitan aurreikusi da Ola auzoan aire zabaleko geltoki berria egitea, eta Eusko Trenbide Sareak (ETS) Lutxanan duen kotxe-tokira iristeko adarrarekin eta Lezamarako adarrarekin loturei erantzuna ematea. “Trenbide bakarreko egungo linearen arazoa konponduko da eta ETSk etorkizunerako aurreikusitako trafikoaren igoerari eta ustiapen-araubideari heltzeko ezaugarriak ezarriko dira”.

Ingurabideak 1.890 metroko luzera izango du eta, horietatik, 1.445 metro lur azpitik igaroko dira. Ingurubidetik adar bi aterako dira: bata egungo trenbidea eta Lezama lotzeko trenbide bakoitzeko adarra izango da (545 metro) eta besteak egungo trenbidea eta Lutxanako kotxe-tokia lotuko ditu (754 metro). Trazadurak guztira 3.189 metro izango ditu eta, horietatik, 2.020 metro lur azpitik igaroko dira.

Ibilbidean tunel bi egongo dira: Arestiko tunela (742 metro), tarte nagusian; eta Mitxeneko tunela (70 metro), Lezamarako adarrean. Gainerako lur azpiko tartean, hauek egongo dira: tunel faltsua Arestiko tuneletik Sondikako lurpeko geltoki berriraino, eta gaur egungo trenbidearekin lotzeko adarrak, hura lurrazalera irten arte.

Lutxanaranzko adar berria Sondikako lurpeko geltoki berritik abiatuko da Lutxanarako bidearekin bat egin arte. Lezamaranzko adarra, bestalde, Sondikako lurpeko geltoki berritik irtengo da, Mitxena kalearen azpitik igaroko da, eta Berreteaga industrigunera sartzeko pasabidera ailegatu baino lehen bat egingo du egungo trenbidearekin. Adar honetan Mitxeneko tunela egongo da. “Aurreikusi da tunela egungo geltokitik hurbil egitea, isolatutako eta maila bakarreko eraikuntza baten azpian, trazadura iparraldera eraman behar ez izateko eta etxebizitza-bloke batzuetako sotoetan ez eragiteko”. Lanetan 80 milioi euro jarriko dira eta, aurreikusitakoaren arabera, 61 hilabete iraungo dute.