Xabier Zubiaur Sondikako alkateak azaldu du kanpaina “Sondikan erosi – Sondikan gozatu” ekimenaren baitan dagoela. Ekimen horren bitartez, besteak beste, zuzeneko laguntzak, merkataritza-kanpaina eta bonu-kanpaina sustatu dira herriko merkataritzari eta ostalaritzari laguntzeko.
Kanpainaren harira, dendetan, tabernetan eta jatetxetan ipintzeko kartelak eta biniloak egin dira, eta oparien bilgarrietan itsasteko pegatinak. Era berean, dekalogo bat osatu da, ostalaritzako establezimenduetako mahaietan jartzeko eta hala ostalariei osasun-arauak betearaztea errazteko.
“Aholkularitza-zerbitzua ipini dugu dendarien eta ostalarien eskura, produktuak eta kanpainak bultzatzen laguntzeko. Zerbitzua Sondika Gara plataformaren bidez kudeatuko da”, esan du Zubiarrek. Izan ere, helburua da herriko denda, taberna eta jatetxe guztiek Gabonetan produktu- eta zerbitzu-paketeak merkaturatu ahal izatea, hala nola ostalaritza-bonuak eta norberaren zainketa-bonuak. “Gabonetako opari gehienak Sondikako merkataritzan eta ostalaritzan erostea lortu nahi dugu”. Jakinarazitakoaren arabera, udalak merkatariekin ipini da harremanetan, eskaintzak www.sondikagara.eus webgunean batzeko, eta ostalariei ere emango die kanpainari buruzko informazioa. Bestalde, 2021eko lehen hiruhilekoan bonu-kanpaina sustatuko da. Aipatu dutenez, garai horretan gutxi kontsumitu ohi da eta herritarrak erostera animatu nahi dituzte.