Sondikak 28.000 euro zuzenduko ditu langabetuen formakuntzarako eta kontrataziorako

Aikor aldizkaria 2020ko abe. 18a, 10:30

Sondikako Udalak jakinarazi duenez, eta Lanbideren urriko datuak kontuan hartuta, herrian 259 langabe daude eta, hortaz, langabezia-tasa % 11,8koa da. Gainera, “pandemiak eragin nabaria du enpleguan eta laster datuak izango ditugu, urrian ezarritako murrizketen ondorioak aztertzeko”, azaldu dute prentsa-ohar baten bidez. Hori dela eta, udalak pizgarriak emango ditu langabeen formakuntzarako eta enpresek sondikoztarrak kontratatu ditzaten.

Alde batetik, 8.000 euro bideratuko dituzte langabeen prestakuntza-ikastaroetara. Langabeak berak aukeratu ahalko du ikastaroa eta gehienez 400 euro jasoko ditu; dirulaguntza izena ematea edo beste gastu batzuk ordaintzeko –esaterako, joan-etorriak– erabili ahalko da. Beste aldetik, udalak 20.000 euro zuzenduko ditu herriko langabetuen kontrataziora. Laguntza Sondikako zein Bizkaiko edozein herritako enpresek eskuratu ahalko dute eta gehienez 2.000 euro jasoko dute kontratatutako sondikoztar bakoitzeko. Lan-kontratuak gutxienez hiru hilabetekoa izan beharko du.

Eskualdeko planez eta autonomoentzako, ostalaritzarako eta merkataritzarako laguntzez gainera, Sondikako Udalak uste du herritarrei lagundu behar dietela euren burua prestatzen edo lana topatzen. “Talentua dugu eta herriko langabetuak ikusgai egin nahi ditugu, eta haien lehiakortasuna bultzatu”, esan du Xabier Zubiaur alkateak. “Gaur egungo egoera kontuan izanda, trebakuntza sustatu nahi dugu, eta enpresek sondikoztarrak kontratatzea pizgarritzat hartu dezaten”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).