Beste neurri batzuen artean, Sondikak umeen parkeak itxi ditu eta desinfektatze-lanak areagotu ditu

a: Sondikako Udala 2021ko urt. 15a, 09:00

Egoera epidemiologikoa dela eta, Sondika eta Zamudio gaur itxi dira. Ondorioz, eta Eusko Jaurlaritzak autonomia erkidego osorako ezarritako neurriez gainera, ezin izango da udalerri horietatik atera, ezta udalerrietara sartu ere – salbuespenak: lana, ikasketak, medikua…– eta tabernek eta jatetxeek itxita egon beharko dute; hala ere, etxera eramateko janaria eskaini ahalko da. Halaber, ez da eskola-kiroleko entrenamendurik egongo. Neurri orokor horietaz gainera, Sondikako Udalak beste neurri batzuk ere hartu ditu eta, besteak beste, bertan behera utzi ditu udal-ikastaroak eta umeen parkeak itxi ditu. Era berean, jendetza handia batzen den leku publikoak zorrotz desinfektatuko dira.

Kiroldegiak, bestalde, zabalik egongo dira, baina soilik bakarkako edo familiako kirol-ekintzak egiteko. Gimnasioak, berriz, itxita egongo dira eta programatutako ikastaroak eta ekintzak egin ahalko dira. Udalak ohiko jarduerarekin jarraituko du. “Neurrien helburua kutsatze-kurbak behera egitea da, eta egoera epidemiologikoa ahalik eta lasterren hobetzea”, azaldu du Xabier Zubiaur Sondikako alkateak. “Une honetan, ez dakigu kasuak zergatik areagotu diren. Beraz, zuhur jokatu behar dugu, eta, egunek aurrera egin ahala, Gabonetako ospakizunek eragindako kasu isolatuak diren ikusi, ala olatu berri batean gauden”.

COVID-19arekin kutsatutako lehen pertsona 2020ko martxoan agertu zen Sondikan eta handik irailaren 12ra arte 80 positibo izan ziren; 2021eko urtarrilaren 1etik hilaren 13ra arte, berriz, 31 positibo antzeman dira. Udalak sondikoztarrei eskatu die gizarte-harremanak ahalik eta gehien murrizteko (gehienez sei lagun eta beti berberak) eta kalera ahalik eta gutxien ateratzeko, bakarrik erosketak egitera eta medikuarenera, lanera edo ikastetxera. “Badakigu kutsatzeak nola saihestu: maskara ondo jarrita erabiltzea, leku itxiak maiz aireztatzea, eskuak sarritan garbitzea eta lagunen artean 1,5 m-ko tartea uztea. Birusa kalean dago, eta intzidentzia-tasak ahalik eta azkarren behera egitea nahi dugu, osasuna zaintzeko eta jarduera soziala eta ekonomikoa lehenbailehen berreskuratzeko. Gainera, txertaketari esker pixkanaka-pixkanaka normaltasuna berreskuratuz joango garen itxaropena dugu”.  

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).