Sondikak Artxandako lursailak lagako dizkio Bilbori, ingurua aktibatzeko planaren harira

Aikor aldizkaria 2021ko mar. 5a, 10:59

Xabier Zubiaur Sondikako alkateak eta Juan Mari Aburto Bilboko alkateak aurkeztu dute Artxanda Aktibatzeko Plana. Egitasmoak Artxanda berreskuratzea eta topaketarako leku berria bihurtzea ditu helburu, eta, alkateek aurreratu dutenez, laster hitzarmen bat sinatuko dute Sondikak bertan dituen lursailak Bilbori lagatzeko.

Lekuaren izaera naturala eta jasangarria zainduta, planaren xedea da Artxanda indartzea, adin guztietako jendea hara erakartzeko eta ingurua ekonomikoki suspertzeko. Horretarako, Bilboko Udala ahaleginduko da familientzako aisialdiko eskaintza zabala egiten.

Joan den urtean, Hatz-markaren parkea berrurbanizatu zen, eta datozen hilabeteetan sei kilometroko baino gehiagoko pasalekua egingo da Enekuritik Santo Domingoraino. Pasalekuak begiratoki berriak eta argiak izango ditu eta handik oinezkoak zein trafiko baretua pastuko dira. Era berean, 66.700 metro koadroko parkea atonduko da futbol-zelaiaren inguruan eta Hatz-markaren parkearen ondoan. Azaldutakoaren arabera, adin guztietako pertsonak disfrutatzeko parkea izango da eta baliteke, besteak beste, bertan ipintzea berotegi botaniko bat, aintzira artifizial bat, ur gaineko pasarelak eta umeentzako jolastoki naturalizatuak. Bestalde, Burdin Hesia berreskuratzea egitasmoaren beste helburu bat da eta Bilboko Udalak bista gidatuak antolatzeko eta berritze birtualak egiteko asmoa du.   

Adierazi duten moduan, Bilboko Udalak Artxandaren balioa azpimarratu nahi du eta, horretarako, ekintza ludikoak, pedagogikoak eta kirol arlokoak baliatuko ditu asteko egun guztietan. Euren esanetan, ekintzak baliagarriak izango dira enplegua sortzeko eta adin guztietako jendeari eskaintza berezituak egiteko. Artxandan eskainiko diren ekintzen harira, inkestak egin dira jakiteko herritarrek zein nolako eguneko aisialdia eskatzen duten. Inkestetan hartu dute parte Txorierriko, Bilboko, Ezkerraldeko, Eskuinaldeko eta Nerbioi-Ibaizabaleko biztanleek, Artxandan dauden eskoletako ikasleek eta Txorierriko industriaguneetako langileek.

Xabier Zubiaur Sondikako alkateak gogora ekarri du Artxanda bilbotarren eta sondikoztarren arteko topagune naturala dela eta nabarmendu du plana XXI. menderako egitasmo estrategikoa dela eta bat egiten duela inguruarekin eta bere gaur egungo eta historiako ezaugarriekin. 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).