Hegalariak taldeak Euskal Kopako lauko finala jokatuko du

Aikor aldizkaria 2022ko api. 13a, 15:55

Giro aparta egon zen atzo Sondikako Gorondabeko kiroldegiko harmailetan. Ez zen gutxiagorako izan, etxekoek, Hegalariak taldeak, 5 eta 4 irabazi ziotelako Mahastiak Labastida taldeari Euskal Kopako final-laurdenetan. Partida zirraragarria izan zen eta, garaipenari esker, sondikoztarrek lauko finala jokatuko dute maiatzaren 14an eta 15ean. Arerioak eta aretoa oraindik zehaztugabe daude. 

Atzo, Hegalariak taldeak erronka ederrari egin zion aurre. Sondikoztarrak Euskal Ligan aritzen dira eta aurten denboraldi txukuna egiten dabiltza, bosgarren postuan daudelako. Mahastiak Labastidak, aldiz, Bigarren B Mailako 2. multzoan jokatzen du, Estatuko hirugarren mailan, alegia. Hau da, kategoria biko aldea dago talde bien artean. Hala ere, Gorondabekon ez zen alde hori inondik inora ikusi, sondikoztarrek gogotsu jardun zutelako. “Bihotza muskulurik garrantzitsuena da; gaur, Hegalariak taldeak bihotzez jokatu du eta guk ez. Zorionak!”, esan du Ivan Mulas Bastidako entrenatzaileak gizarte sareetan. 

Sondikoztarrak gogor ibili ziren defentsan eta arin atera ziren kontraerasoan. Eta horietan oinarritu zuten garaipena. Lehenengo zatian bukatutakoan, 3 eta 1 izan zen markagailuan. Bigarren zatian, laugarrena ere sartu zuten Oskarren mutilek, baina, horren ostean, gorriak ikusi zituzten garaipenari eusteko. Arabarrak 4 eta 2 gailendu ziren eta atezaina jokalari zebilela, sondikoztarrek beste gol bat sartu zuten. Eta handik bukaera arte, sufrimendu itzela: hainbat eta hainbat gol aukera izan zituzten Bastidakoek, eta nahiz eta gol bi gehiago sartu, azkenean txorierritarrak nagusitu ziren.  

Jakobe (2), Finez, Trabu eta Patxi izan ziren etxekoen golegileak; Imanol lehenengo zatian airtu zen atezain, eta Juan, bigarrenean. Horiek dira garaipenaren protagonistak, baina ez bakarrak, talde osoak maila ederra erakutsi zuelako. “Gauza bi azpimarratu nahiko nituzke: batetik, arerioa;   Labastida oso talde indartsua da, teknikoki ona, azkarra... Eta oso dotore jokatu dute, kexarik adierazi ez dutelako; eta bestetik, Gorondabekoko harmailetan bizi izan genuen giroa. Gaztez beteta egon zen, gure alde animatzen. Hori ia garaipena baino garrantzitsuagoa da, herrian kluba hedatu nahi dugulako eta, horretarako, Sondikako gazteak behar ditugulako, gure etorkizuna dira eta”, esan du Oskar Eguskiza Hegalariak taldeko kideak.