Hegalariak taldeak Zierbenaren kontra jokatuko du Euskal Koparen finalerdian

Aikor aldizkaria 2022ko mai. 4a, 13:33

Euskal Kopako lauko finala maiatzaren 14an jokatuko da Gasteizko Abetxuko kiroldegian, eta bertan Hegalariak Sondikako taldea izango dugu. Oskar Eguskizaren mutilak 19:00etan arituko dira Zierbenaren kontra. Beste finalerdia areto berean jokatuko da 16:45ean, eta horretan AF Antxo eta Gernika taldeak ibiliko dira aurrez aurre. Finala domekan izango da 17:00etan. 

Apirilaren 12an, Hegalariak areto-futbol taldeak ezustean lortu zuen sailkapena Euskal Kopako lauko finalerako. Sondikoztarrek 5 eta 4 irabazi zioten Mahastiak Labastida taldeari eta giro aparta egon zen Gorondagane kiroldegian. Garaipen handia izan zen eta lorpena errepikatu nahi dute finalerdian, eta posible bada, baita finalean ere. Helburua ez da erraza izango. Zierbena, arerioa, faboritoa da: talderik indartsuena da, maila altuenean dabilelako, Bigarren B Mailan, Estatuko hirugarrenean. Gainera, iaz Euskal Kopa irabazi zuen. Beste finalerdiko taldeak, AF Antxo et Gernika, maila bat beherago aritzen dira, Hirugarren Mailan. Eta Hegalariak, maila bat beherago, Euskal Ligan. 

“Zozketan Zierbena egokitu zitzaigunean, hau pentsatu genuen: Hau zoritxarra! Baina emaitza barneratu eta gero aproposa dela uste dugu. Izan ere, hain talde ona denez, jokalariek ez dute motibazio handirik beharko; gainera, partida irabaziz gero, finaleko arerioa ez da Zierbena baino hobea izango. Hirurak dira talde zoragarriak. Batez ere Gernika ezagutzen dugu, aurreko urteetan gure mailan ibili zirelako. Partida politak jokatzen genituen haien kontra”, esan du Oskar Eguskiza entrenatzaileak. 

Eguskizak jakin badaki berea talderik xumeena dela, baina itxaropentsu aterako dira Gasteizko aretora. “Ez dugu zer galdu. Guretzat lauko finalean egotea sari ikaragarria da, Euskal Herriko talde onenen aurka lehian sartuko garelako. Eta harro gaude. Dena dela, ez gara finalera oporretan joango; irabazi nahi dugu. Oso zaila izango da, baina partida bakar batean edozein gauza gerta daiteke”. Jokalariei adore emateko, klubak autobus bat alokatuko du. Norbaitek izena eman nahi badu, taldeari idatzi behar dio helbide honetan: cdhegalariak@gmail.com.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).