Sondikak Ukrainaren alde eragingo die pedalei asteburuan

a: Element Digital (Pexels) 2022ko eka. 6a, 13:32

Sondikako Udalak erronka solidarioa egin die herritarrei: bizikleta estatiko baten gainean, 28 orduan Ukrainaren alde pedalei eragitea. Erronka zapatuan, ekainak 11, hasiko da 10:00etan, eta parte-hartzaileek domekako 14:00ak arte eragingo die pedalei, etengabe. Horretarako, 15 minutuko txandak egingo dira pertsonako edo familiako, goizean, arratsaldean zein gauean. Erronkan izena emateko, www.sondikaetaukrania.org webgunean izena eman behar da, eta denbora-tarte bat aukeratu.

Erronka asteburuan egongo diren kirol-ekintzen baitan antolatu da. Izan ere, ekainaren 10etik 12ra bitartean kirol-jaia egingo da Sondikan. Bertako udalak antolatuta, herriko kirol-elkarteek egitarau zabala antolatu dute Sondikako kirol-aukerak ezagutzera emateko eta herritarrak kirola egitera animatzeko. Besteak beste, asteburuan egongo dira saskibaloi-, futbol- eta pilota-partidak, kirol-erronkak, hiruko txapelketak eta penaltiak jaurtitzea.  Ekintzak Gorondabekoko kiroldegian eta Basozabal futbol-zelaian egingo dira. Gainera, umeentzako antzerkia eta musika egongo dira.

Bestalde, erronketan parte hartzeko diru-ekarpena egin beharko da eta batzen den dirua Bizkaiko Gurutze Gorriari emango diote. Gurutze Gorriak Ukrainan dituen gizaldeko proiektuetara bideratuko du dirua. Diru-ekarpenak kontu korronte honetara ere egin daitezke: ES32/2095/0000/78/2199005695 (Sondika eta Ukraina idatzita); edo Bizum bidez: 38061 (diru-ekarpena ipinita edo ezer ez).

“Txorierriko udalerri gehienekin batera bultzatu dugu jakiak biltzea, Ukraina pabilioia… Hala ere, beste zerbait egin nahi genuen, jai-kutsua zuena eta alaia zena, eta kirola modu ezin hobea da gudaren krudelkeriaren aurrean balio positiboak helarazteko”, esan du Xabier Zubiaur Sondikako alkateak. “Herriko kirol-elkarteek dena eman dute egitasmoa antolatzeko eta espero dugu sondikoztarrek eta txorierritarrek ere egitasmoarekin bat egitea. Izan ere, beti azaltzen dira ekintza solidarioei eta humanitarioei laguntzeko prest. Asteburuan energia positiboa batu nahi dugu, Ukrainarako eta ukrainarrentzat”.

 

Ekainak 10, barikua. Gorondabekoko kiroldegian

18:30-21:00 Dantza modernoaren erakustaldia. Gorondagane gurasoen elkarteak antolatua.

19:00-22:00 Saskibaloi-partidak, Txorierri Basketen eskutik. Umeak eta kadeteak.

Ekainak 11, zapatua. Gorondabekoko kiroldegian eta Basozabal futbol-zelaian.

10:00 Maratoia hastea.

10:00-11:30 Partidatxoak eta penaltiak. Antolatzaileak: Gorondagane gurasoen elkartea, Hegalariak eta Sondika KE.

10:00-13:00 Saskibaloia, Gorondagane gurasoen elkarteak antolatua. Partidak eta hiruko txapelketak.

11:30 Gorondabekotik Basozabalera bizikletaz. Partida: Hegalariak – Sondika KE.

11:30-13:30 Aurrebenjaminen partidak. Gorondagane gurasoen elkarteak eta Hegalariak taldeak antolatuak.

17:00-18:00 Dj Kaktus.

17:30-18:30. Futbol-partida: Sondika KE.

18:00 Pala umeentzat. Beti Galdu taldeak antolatua.

19:00 Futbol-aretoko partida: Hegalariak.

21:00 Dj-a.

Ekainak 12, domeka

10:00-18:00 Frontenisa: emakumeak, gizonak, umeak, mistoa… Izena ematea: iradokizunak@sondika.org.

10:30-13:30 Gimnasia erritmikoa, Dana KEren eskutik.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).