Hegalariak Eguna ospatuko dute Sondikan, zapatuan

Aikor aldizkaria 2022ko eka. 14a, 13:27

Hegalariak Sondikako areto-futbol taldeak denboraldia biribildu nahi du eta zapatuan, ekainak 18, Hegalariak Eguna egingo du herrian. Klubak 25 urte bete zituen iaz, baina ezin izan zuten behar bezala ospatu eta, azkenean, hurrengo asteburuan egingo dute.



Taldekideek egitarau oparoa prestatu dute egun osorako, San Joan zelaian, udaletxearen atzean. 10:45ean, Ipar Elai txistu taldeak kalejira egingo du herritik; eta 11:00etan, batetik, Hegalariak klubeko taldeek areto-futbolean jokatuko dute eskolan; eta bestetik, puzgarriak jarriko dira. Bazkaldu baino lehen, 13:30ak aldera, pintxo-potea izango da txosnan eta gero, herri-bazkarian, paella zerbitzatuko da. Han bazkaltzeko, bederatzi euroko sarrerak salgai jarri dira Gorondabeko eta Artabe kiroldegietan, Txamo tabernan eta Sondikako Batzokian.

Era berean, arrastian, bingoa egingo da, eta ondoren, hiru musika-saio: lehenengoan, 19:00etan, Ekhi Cover Pop taldeak 80ko hamarkadaren musika joko du; bigarrenean, 22:30etik aurrera, Nafi Diaz eta Keniama taldearen kontzertuak izango dira; azkenik, 01:30ean, DJ Munzaren txanda izango da.