San Joan sua berriro piztuko da Sondikan

Aikor aldizkaria 2022ko eka. 21a, 11:18

Sondikoztarrek ekainaren 23tik 26ra bitartean ospatuko dituzte San Joan jaiak. Jaiak ohi bezala disfrutatzeko gogo bizia dugu herritarrok, normaltasunez, eta hori dakitela, Sondikako Udalak eta herriko elkarteek ahalegin handia egin dute, “bi urteren ostean herritarrei jai-egitarau erakargarria baino erakargarriagoa eskaintzeko, adin eta gustu guztientzat; herritar guztiengana ailegatu nahi dugu eta”, azaldu digu Estibaliz Atxalandabaso kultura-zinegotziak. Jai-egitarauak, gainera, nobedadeak dakartza. 

Aurreko urteetan moduan, udalak Sondikako kirol- eta kultura-elkarteekin batera prestatu ditu jaiei lotutako ekintzak. “Elkarteek parte-hartze handia izan dute, eta, bestalde, garrantzia eman behar diegu pandemia-garaian izan duten geldialdiagatik”. Txupina eguenean, ekainak 23, botako dute herritarrak jai-giroarekin bat egitera gonbidatzeko. Ondoren, talo txikiak dastatuko dira, eta, Agility Euskadi klubak antolatuta, txakurren erakustaldia egingo da lehen aldiz. “Eta gauean, argi-zuziak –txikiek, kandela argidunak- eskuan ditugula, liburutegitik kalejiran irtengo gara San Joan sua piztera. Kalejira batukada-talde batek girotuko du. Ohiko ekintza da eta ziur nago San Joan sua guztiok batera berriro piztea oso hunkigarria eta berezia izango dela”. Agertokira Gozategi musika-taldea eta Dj Alex igoko dira, “gaueko sua” piztuta mantentzeko.

“San Joan sua guztiok batera berriro piztea oso hunkigarria eta berezia izango da”

Bariku goizean kalejira egongo da, meza eta haurrentzako jolas-parkea. Fanfarre batek herriko txokoak girotuko ditu. “Fanfarrea zahar-etxetik aterako da barikuan zein domekan, jai-giroaz han daudenek ere goza dezaten”. Eguerdian jubilatuentzako kopaua izango da, eta arratsaldean, gimnasia erritmikoaren eta palaren erakustaldia. Kantu Kolorek ikuskizuna egingo du, eta txerrikia dastatu ahalko da. Tiragoma lehiaketa izango da, eta Huntza taldeak eta Dj Ibai Sanchezek girotuko dute gaua.

Zapatua ekitaldiz beteta etorriko da goiz-goizetik. “Sukalki eta tortilla txapelketak antolatu dira zapaturako. Ohiko txapelketak dira, jendetza batzen dutenak eta egun osoa lagunekin kalean, landan, ematea ahalbidetzen dutenak, pandemia baino lehen moduan; disfrutatzea, azken batean”. Gainera, antolatzaileek erronka bota die sondikoztarrei: Pike bidea – % 15eko malda– bizikletaz igotzea. “Lehen aldiz egingo dugu eta familia osoarentzat da. Helburua ez da lehiatzea, ekintza dibertigarria egitea baizik. Oso polita izango dela uste dugu”. Kalejira ere izango da, haurrentzako jolas-parkea eta Master Chef Txiki ekitaldia.

“Gastronomia txapelketak jendetza batzen dute eta egun osoa lagunekin kalean ematea ahalbidetzen dute, pandemia aurretik moduan”

“Pike bidea lehen aldiz igoko da bizikletaz. Helburua ez da lehiatzea, ekintza dibertigarria egitea baizik”

Amaiera bikaina

Arratsaldean mus txapelketa egongo da, eta Iron Team. Azken hori zortzi urtetik 12 urtera bitarteko umeentzat da: bost lagunek taldea osatu beharko dute, eta bost probatan parte hartu. Probak dira igeri egitea, bizikletaz ibiltzea, patinetan ibiltzea, saskiratzeak eta korrika egitea. Izena ematea ekainaren 24ra arte egin daiteke liburutegian, eta hilaren 24an eta 25ean, Hegalariak taldearen txosnan. Hamahiru urtetik 18 urtera bitarteko gazteek, bestalde, “Humor amarillo” saioko probei aurre egin ahalko diete. Hirukoak jaurtiko dira Gorondabeko kiroldegian, eta, STR musika taldeak jo ondoren, Doctor Deseok amaiera bikaina emango dio egunari.

Agertokira igoko dira, besteak beste, Gozategi, Huntza, STR eta Doctor Deseo

Sondikako Herri Lasterketaren bigarren edizioa egingo da domeka goizean. Kalejira egongo da, eta motozaleen elkarretaratzea, Mapatxe (Sondika) eta Txoribikers elkarteen eskutik. Antzinako autoak eta miniak ere ipiniko dira ikusgai. Ohikoa denez, kultura- eta kirol-elkarteen bazkaria egingo da, eta igel-toka solidarioa: batzen den dirua Friedreicheko ataxia ikertzera zuzenduko da. Dantzen alardea ere izango da, Gorantzaileak taldearen eskutik. “Beste aldetik, adinekoek denbora luzea eman dute etxean eta batzuek oraindik ere beldurra diote kalera irteteari. Keinua egin nahi izan diegu eta mariatxien ikuskizuna antolatu dugu animatu daitezen”.

Etxera lagunduta itzultzeko zerbitzua

Aurtengo jaietan, etxera lagunduta itzultzeko zerbitzua eskainiko zaie herritar guztiei. Zerbitzua eguenean, barikuan eta zapatuan emango da 00:00etatik 04:00etara. Udaletxearen ondoan ipiniko da informazio- eta topaketa-gunea, 22:00etatik aurrera, eta izena bertan eman beharko da. Zerbitzua baliatzen dutenak bi pertsonak lagunduta itzuliko dira etxera, eta lau ibilbide egongo dira parte-hartzaileen helbideen arabera. “Giro adeitsua egotea nahi dugu, erasorik gabe eta inongo indarkeria barik. Jai-gunean mezuak ipintzeko asmoa dugu, guztiok jabetzeko ezin dela inongo erasorik egon eta ezin dugula erasorik onartu. Sondikoztarrentzako eta bisitarientzako mezua hau da: disfruta dezatela, poztasunez, gogoz eta gainerakoekin adeitsuak izanez”.

Jai-egitarua

Ekainak 23, eguena

18:00 Txupina eta zapiak banatzea, Gorabideren laguntzarekin.

18:15 Talo txikiak dastatzea.

19:30 Txakurren erakustaldia, Agility Euskadi klubak antolatua.

22:15 Argi-zuziak banatzea liburutegian.

22:30 Kalejira, Batu-klang perkusio taldeak girotua, eta San Joan sua.

23:30: Kontzertuak: Gozategi + Dj Alex.

 

Ekainak 24, barikua

11:00 Kalejira, Ipar Elaiak txistu-taldeak girotua.

12:00 Meza.

11:30-14:00 Haurrentzako jolas-parkea, Ikurrina enparantzan.

12:30-15:30 El Despiste fanfarrea (zahar-etxetik).

13:30 Jubilatuentzako kopaua.

17:00 Gimnasia erritmikoaren erakustaldia, Dana kirol-klubak antolatua.

17:30 Pala erakustaldia, Gorondabeko kiroldegian. Beti Galdu elkartearen eskutik.

18:00 Kantu Kolore, San Joan landan.

18:30 Txerrikia dastatzea.

19:30 Tiragoma lehiaketa.

23:30 Kontzertuak: Huntza + Dj Ibai Sanchez.

 

Ekainak 25, zapatua

10:00 Sukalki txapelketan izena ematea, Hegalariak taldearen txosnan.

11:00 Pikera bizikletaz igotzea.

11:00 Kalejira, Ipar Elaiak txistu-taldeak girotua.

11:30-14:00 Haurrentzako jolas-parkea, landan.

12:00-14:00 Master Chef Txiki.

14:00 Sukalkia aurkeztea.

16:30 Mus txapelketa, Hegalariak taldeak antolatua.

17:30 Iron Team II (8 urtetik 12 urtera bitartekoentzat).

18:00 “Humor amarillo”, (13 urtetik 18 urtera bitartekoentzat).

18:00 Balkoi apainduen lehiaketaren sariak banatzea, Udalbatza aretoan.

18:30 Tortilla txapelketan izena ematea, Sondika klubaren txosnan.

19:30-20:30 Hirukoak jaurtitzea, Gorondabeko kiroldegian.

20:00 Tortillak aurkeztea.

22:00 Kontzertua: STR

24:00 Kontzertua: Doctor Deseo + Dj Dantzatzeko Prest.

 

Ekainak 26, domeka

10:00 Sondikako II. Herri Lasterketa.

11:00 Kalejira, Ipar Elaiak txistu-taldeak girotua.

12:30-15:30 El Despiste fanfarrea.

13:00 Motozaleen elkarretaratzea: Txoribikers eta Mapatxe. Miniak eta antzinako autoak.

14:30 Kultura- eta kirol-elkarteen bazkaria, Sondika klubak antolatua.

17:00 Igel-toka solidarioa (Friedreicheko ataxia).

18:00 Adinekoentzako askaria, jubilatuen etxean.

19:00 Dantzen alardea, Gorantzaileak taldearen eskutik.

21:00 Mejico Lindo mariatxiak.

22:30 Jaiak amaitzea.