Javi Allende eta munduko errekorra hautsi zuten gainerako atletak omendu ditu Sondikak

b: Beste Bira Txorierri / a: Sondikako Udala 2022ko urr. 26a, 13:35

Uztailean, Durangon, lau atleta euskaldunek osatutako taldeak 10 segundoan hobetu zuen 4 x 800 m-ko probako munduko errekorra 45 urtetik gorako kategorian. Javi Allende sondikoztarra izan zen atleta horietako bat, eta gainerako taldekideekin batera marka hau egin zuen: 08.26,22. Euskaldunek, hortaz, munduko errekorra hautsi zuten, aurretik Australiak zuena. Atzo, Sondikako Udalak ekitaldia egin zuen Allende eta gainerako atletak omentzeko.    

Javi Allenderekin batera (Beste Bira Txorierri), beste atleta hauek osatu zuten taldea: Sergio Románek (Atlético San Sebastián), Asier Aranburuk (independentea) eta Javier Salinasek (42195.es). Klub ezberdinetan egon arren, korrikalariek indarrak batu zituzten eta lortu zuten munduko errekorra (08.36,22) haustea.

Bestalde, Xabier Zubiaur Sondikako alkateaz gainera, atzoko ekitaldian batu ziren Juango Anderez eta Jesus Rubianes, Euskadiko Atletismo Federazioko presidentea eta batzordekidea hurrenez hurren; Mikel Lejarreta, Bizkaiko Atletismo Federazioko kidea; Josu Andoni Begoña, Loiuko alkatea; Carlos Sergio Achotegui, Bizkaiko Foru Aldundiko kirol-zuzendaria; Hamid Ben Daoud, maratoiko Espainiako txapelduna; Manolo Sarabia, futbolari ohia; eta Migel Angel Gomez Viar, Garraioak eta Mugikortasun Jasangarria sustatzeko foru-diputatua. Era berean, senideak, lagunak eta Beste Bira Txorierri atletismo klubeko kideak hurbildu ziren udaletxera, omenduak babestera.       

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).