Egoera baretu dela badirudi ere, euria gogotik bota du azken orduetan. Atzo arratsaldean, Asua ibaiak gainezka egin zuen zenbait lekutan eta ur-baltsek arazoak eragin zituzten Sondikan, Loiun eta Zamudion. Sondikan, esaterako, bide batzuk itxi behar izan zituzten eta, bertako udalak jakinarazi duenez, Errota bidea eta Zangroiz zabalik dauden arren, Txorierriko korridoreko irteera itxita dago. Bihar denboraleak txarrera egitea espero da, eta baliteke 300 metroan elurra botatzea; hortaz, abisu laranja ezarriko da. Neguko Bidezaintza Planeko Koordinazio Organoak bilera egingo du gaur eguerdian.