Sormena eta partaidetza sarituko dituzte Sondikako Inauterietan

Aikor aldizkaria 2023ko urt. 20a, 11:19

Sondikako Inauterien Elkarteak mozorro-lehiaketa antolatu du otsailaren 25erako. Azaldu moduan, hiru kategoria sarituko dira: mozorroa, karroza (taldea) eta kalejira animatzea; eta 600 euro eta trofeoak banatuko dira saritan. Izena ematea otsailaren 1etik otsailaren 25eko 12:00ak arte egin ahalko da sondikakoinauteriak01@gmail.com helbide elektronikora idatzita, eta mezuan zehaztu beharko dira taldearen izena, partaideen kopurua eta harremanetarako telefono-zenbaki bat.

Bestalde, mozorroaren argazkia bidali beharko da aipatutako helbide elektronikora edo 646 366 331 telefono-zenbakira. Argazkia kalejira hasi baino lehen bidali beharko da, eta bidaltzen ez dutenek bertan hartu ahalko dute parte, baina ez dute saririk jasoko. Kalejira 20:30ean irtengo da Iturrikosolo kalearen eta Lehendakari Agirre kaleen bidegurutzetik irtengo da.

Mozorro-lehiaketan 18 urtetik gorako bizkaitarrek hartu ahalko dute parte; adingabeek ere izena eman ahalko dute, gurasoek edo tutoreek horretarako baimena emanez gero. Sondikako Inauterien Elkartearen partaideek, berriz, ezin izango dute saririk jaso. Epai-mahaia elkartearen bost kidek osatuko dute eta, erabakia hartzeko orduan, kontuan hartuko dituzte hurrengo irizpide hauek: originaltasuna, eskuz egina den eta eszenaratzea, mozorroaren kategorian; originaltasuna, egitura eta eszenaratzea, karrozaren kategorian; eta originaltasuna, eszenaratzea eta ikuskizuna, animazioaren kategorian.

Kategoria bakoitzeko hiru sari emango dira. Mozorrorik onenak 100 euro jasoko ditu saritzat; karrozarik onenak, 300 euro; eta animaziorik onenak, 200 euro. Kategoria bakoitzeko bigarrenak eta hirugarrenak golardo bana jasoko dute. Irabazleen izenak 20:00etan jakinaraziko dira agertokian. Saria eskuratu ahal izateko, irabazleek han egon beharko dute; bestela, saria ordezko bati emango diote. Ordezkorik egon ezean, ez da saririk emango. Diru-sariak bizum bidez bidaliko dira harremanetarako adierazitako telefono-zenbakietara.  

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).