“Argi utzi nahi dugu ez dugula emakumeen aurkako inolako indarkeriarik onartzen eta gaitzesten ditugula emakumeak kontrolatu eta menderatu nahi dituzten jarrera eta ideia matxista guztiak. Asteburuan gertatutako erasoak ez dira kasu isolatuak, sistema baten ondorioa baizik. Indarkeria matxista egiturazkoa da eta emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunean eta diskriminazioan dago oinarrituta”. Adierazpenaren sinatzaileek elkarrekin lan egiteko konpromisoa hartu dute, gizarte feminista eta justua lortzeko eta indarkeria matxista ezabatzeko. “Sondikak Inauteriez gozatzen jarraitu nahi du, bakean eta pertsona guztiak errespetatuz”.
Hiru eragileek deia egin die sondikoztarrei, gaur, otsailak 28, 19:00etan, Ikurrina Plazan egingo den elkarretaratzean parte hartu dezaten, edozein indarkeriaren aurka azaldu daitezen eta eraso matxista jasan zuten emakumeei babesa adierazteko.