Zergatik onartu duzu alkategai izatea?
Gure konpromiso nagusia da Sondikarako eta sondikoztarrontzat onena bilatzea, eta azken urteotan zinegotzi ibili naiz, konpromiso horretan lanean, gustura, merezi duelako. Oraingoan konpromisoz, ilusioz, anbizioz eta indarrez heldu diot alkategaia izateko erronkari. Udal-eredua aldatu nahi dut, eta herritarren lau urterik behin botoa ematetik haragoko gaitasunaren balioa azpimarratu. Udal irekia nahi dugu, gardena, parte-hartzailea, bizia, feminista eta euskalduna; hau da, udala herriaren zerbitzura ipini.
Zeintzuk dira datozen lau urteetarako lan-ildo nagusiak?
Beste batzuen artean, herria ondoen ezagutzen dutenen iritzia jaso behar da: herritarrena, alegia. Izan ere, politika publikoak garatzeko, benetako partaidetzazko politikak ipiniko ditugu martxan. Gainera, Artxandan, Bilboko zabortegi zaharra berriro irekitzea gogor arbuiatzen dugu, eta lan egingo dugu hango ingurumena erabat berreskuratzeko. Era berean, plangintza bat garatuko dugu euskararen kale-erabileraren datu larriei buelta emateko, eta gobernantza feminista bultzatuko dugu herriko taldearekin.
Erronkarik?
Erronka asko ditugu. Haietako bat da, familien kontziliazioa bermatzeko, haurreskolaren plaza-kopurua handitzea, eta, ondorioz, txokoa beste leku batera eraman. Bestalde, gure nagusien zaintzen beharrari erantzuna emateko, eguneko zentroa zabaldu nahi dugu herrian; eta gazteei emantzipatzen laguntzeko, alokairu soziala eta etxebizitza publikoa sustatu. Elkarteentzako lokalak ere atondu nahi ditugu, eta herritarrei arreta egiteko bulegoa herrigunean ipini, udala sondikoztarrengana hurbiltzeko.
“Erronka asko ditugu, esaterako, haurreskolaren plaza-kopurua handitzea, nagusientzako eguneko zentroa eta etxebizitza publikoa”
Nolako lantaldea izango duzu ondoan?
Aurretik zinegotzi ibilitako batzuk berriro aurkeztu gara, eta zerrenda lagun berriekin ere indartu dugu. Gogoz, gaitasunez eta eskarmentuz betetako taldea gara, Sondikak datozen urteotan dituen erronkei aurre egiteko.
Egin azken agintaldiari buruzko balorazioa.
Lan handia egin dugu. Proposamenak eta proiektuak aurkeztu ditugu, eta haietako batzuk gauzatu badira ere, hala nola komun publikoa, parke estalia eta ikasketa-gela, ideia on asko egiteko aukera galdu da. Hala ere, bide horretan jarraituko dugu, guztion artean udala eraikiz.
Karguaz jabetuz gero, zein da egingo zenukeen lehen gauza?
Gauza asko egin daitezke datozen lau urteotan, baina nik lehenengo egingo nituzkeenak hauek izango lirateke: haurreskolaren lekurik ezari konponbidea ematea eta alkatearen soldata zein zinegotzien dietak jaistea.