Sua prest Sondikan

Aikor aldizkaria 2023ko eka. 20a, 09:20

Ekainaren 23tik 24ra bitartean, asteburu bizi-bizia izango dute Sondikan, San Joan jaiak ospatuko dituzte eta. Asteburua ekintzaz betetako etorriko da eta sondikoztarrek zail izango dute atsedena hartzea. Izan ere, ia 40 ekitaldi antolatu dira adin eta gustu guztientzat. Haien artean daude kirol-probak, musika-saioak, gastronomia-lehiaketak, erakustaldiak, eta, noski, San Joan kalejira eta sua.

Txupina bariku arratsaldean botako da eta, ohikoa denez, Gorabide elkartearen kideek lagunduta jaietako zapiak banatuko dira. Hamahiru urtetik 18 urtera bitarteko gazteek “Humor amarillo” ekitaldian parte hartu ahalko dute, eta bertan proposatzen zaizkien erronkei aurre egin. Aldez aurretik izena emanda ez badute ere, hori 17:00ak arte eman dezakete Hegalariak taldeko txosnan. Talo txikiak dastatzeko aukera egongo da, eta zortzi urtetik 12 urtera bitarteko umeek Iron Team ekintzan parte hartu ahalko dute. Lagun-taldeek bost probari egin beharko diete aurre: igeri egitea, bizikletaz ibiltzea, patinetan ibiltzea, saskiratzeak eta korrika egitea; haiek ere izena eman dezakete Hegalariak taldeko txosnan.

Ekitaldi nagusiak izateaz gainera, San Joan gaueko kalejira eta sua dira Sondikako jaietako ekitaldirik ikusgarrienetakoak eta, hortaz, erakargarrienetakoak. Argi-zuziak 22:15etik aurrera banatuko dira udal-liburutegian eta handik kalejiran irtengo da San Joan landaraino. Batu Klang eta Batikumba taldeek girotuko dute kalejira. San Joan landan sua piztuko da, eta Pentagrama soinu-tresnen elkartearen laguntzaz abestuko da herriko zaindariaren omenez. Oxabi erromeria taldeak eta Dj Markelinek musika ipiniko diote San Joan gauari.

Zapatua ekintzaz beteta etorriko da, herritar guztiek, umeek zein gazteek eta helduek, disfrutatu dezaten. Sukalki txapelketan izena emateko epea goiz-goizean zabalduko da Hegalariak taldearen txosnan. Gainera, Pike bidea bizikletaz igotzeko saioa antolatu da bigarrenez. Gogoratu behar da “Pike Horma” igoera giltzarria izango dela Frantziako Tourren Bilboko hasieran.

Ipar Elaiak txistu-taldea kalejiran ibiliko da txokorik txoko, eta tiragoma txapelketa egongo da. Meza egingo da, eta Master Chef Txiki ekitaldia, zortzi urtetik 13 urtera bitarteko umeentzat. Izena ematea Hegalariak taldearen txosnan egin ahalko da 11:30etik 12:00etara. Haurrentzako jolas-parkea izango da, eta jubilatuentzako kopaua, eta El Despiste fanfarreak herriko kaleak girotuko ditu arratsaldera arte.

“Pike bidea bizikletaz igoko da bigarrenez; igoera hori giltzarria izango da Tourren Bilboko hasieran”

Igel-toka solidarioa

Sukalkia aurkeztu, eta Hegalariak taldeak mus txapelketa antolatu du bazkalosterako. Dana klubaren eskutik, gimnastika erritmikoaren erakustaldia izango da, eta herri-lasterketa egingo da hirugarrenez. Udalbatza-aretoan, balkoi apainduen lehiaketaren sariak emango dira, eta Tortilla txapelketan izena ematea zabalduko da Sondika klubaren txosnan. Bestalde, Beti Galdu taldeak pala erakustaldia antolatu du arratsalderako 7etarako Gorondabeko kiroldegian, eta Gorondabekon ere hirukoak jaurtitzeko aukera egongo da. Tortillak aurkeztuko dira, eta Dj Vithyk motorrak berotuko ditu agertokira Akerbeltz erromeria taldea agertokira igo arte. Gaua A&B Showek biribilduko du.

Domekan, barrakak merkeago izango dira 10:30etik 12:00etara. Eguna Punta Galea Txirrindularitza Sozietateak antolatutako eskolen arteko lasterketa baten eskutik hasiko dute sondikoztarrek, eta Ipar Elaiak txistu taldeak doinuz beteko ditu herriko bazterrak. Dj Urtzak disko txiki festa egingo du txikientzat, eta El Despiste fanfarrea hara eta hona ibiliko da eguerdian. Mapatxe motorzaleen elkarteak ere ekitaldia egingo du goizean.

Aurreko urteetan moduan, kirol- eta kultura-elkarteentzako herri-bazkaria izango da Hegalariak taldeak antolatuta. Ondoren, igel-toka solidarioa egongo da eta batzen den dirua Friedreicheko ataxia ikertzera zuzenduko da. Sukar taldeak girotuko du erromeria, eta Nagusien Etxean dantza izango dute. Gorantzaileak dantza-taldeak dantzen agerraldia eta erakustaldia egingo du, eta ostean, jaiak amaitzeko, erromeriak jarraituko du Sukar taldearekin.      

Sondikako Udalak gogora ekarri du herrian ez dutela portaera sexistarik onartzen, ezta jaietan ere. Beste aldetik, eta iaz moduan, etxera lagunduta itzultzeko zerbitzua egongo da herritar guztientzat, 01:00etatik 05:00etara.

“Etxera lagunduta itzultzeko zerbitzua egongo da herritar guztientzat, 01:00etatik 05:00etara”

 

Ekainak 23, barikua

18:00 Txupina eta Gorabide elkartearen laguntzarekin zapiak banatzea.

18:00 “Humor amarillo”, 13 urtetik 18ra bitarteko gazteentzat.

18:15 Talo txikiak dastatzea.

18:30 Iron Team III, zortzi urtetik 12 urtera bitarteko umeentzat.

22:15 Argi-zuziak banatzea liburutegian.

22:30 Kalejira, Batu Klang perkusio taldarekin eta Batikumba taldearekin.

San Joan sua, Pentagrama Kultura Elkarteak girotuta.

23:30 Oxabi eta Dj Markelin.

 

Ekainak 24, zapatua

10:00 Sukalki txapelketan izena ematea, Hegalariak taldearen txosnan.

10:30 “Muro de Pike” II. igoera bizikletaz.

11:00 Kalejira, Ipar Elaiak txistu-taldearekin.

11:30 Tiragoma txapelketa.

11:30-14:00 Haurrentzako jolas-parkea, landan.

12:00 Meza.

12:00-14:00 Master Chef Txiki.

12:30-15:30 El Despiste fanfarrea.

13:30 Jubilatuen kopaua.

14:30 Sukalkiak aurkeztea.

16:30 Mus Txapelketa, Hegalariak antolatua.

17:00 Gimnastika erritmikoaren erakustaldia, Dana klubak antolatua.

18:00 Sondikako III. Herri Lasterketa.

18:00 Balkoi apainduen lehiaketaren sariak banatzea, udalbatza aretoan.

18:30 Tortilla txapelketan izena ematea, Sondika klubaren txosnan.

19:00 Pala erakustaldia, Gorondabeko kiroldegian, Beti Galdu taldearen eskutik.

19:30-20:30: Hirukoak jaurtitzea, Gorondabeko kiroldegian.

20:00 Tortillak aurkeztea.

22:00 Dj Vithy.

23:30: Akerbeltz eta A&B Show.

 

Ekainak 25, domeka

10:30 Txirrindularitza-eskolen lasterketa, Punta Galdea Txirrindularitza Sozietateak antolatua.

11:00 Kalejira, Ipar Elaiak txistu-taldeak girotuta.

12:00-14:00 Disko txiki festa, Dj Urtzarekin.

12:30-15:30 El Despiste Fanfarrea.

13:00 Mapatxe motorzaleen elkartea.

14:30 Herri-bazkaria, kultura- eta kirol-elkarteentzat, Hegalariak taldeak antolatua.

17:00 Igel-toka solidarioa (Friedreicheko ataxia).

17:30 Erromeria, Sukar taldearekin.

18:00 Dantza, Nagusien Etxean.

19:00 Dantzen agerraldia eta erakustaldia, Gorantzaileak dantza-taldearen eskutik.

20:00 Erromeria, Sukar taldearekin.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).